Hirigintza plana, nahi baino atzeratuago

Guaixe 2021ko api. 20a, 09:38

Ergoienako udaletxean egindako lanak.

Pandemiak eta bestelakoek ibarreko hirigintza planaren erredakzioa atzeratu du. 

Ergoienako Udala da inbertsioetara gutxien bideratzen duen ibarreko udala. Udalerriko administrazio kudeaketa da gehien bat egiten duena eta udaletxea da duen jabetza bakarretakoa. Herri lanak eta bestelako inbertsioak Ergoienak ibarreko hiru kontzejuek egiten dituzte. Ergoienako Udalak motordun ibilgailuengatik edo bestelako zergengatik jasotzen duen dirua Lizarragako, Unanuko eta Dorraoko kontzejuei ematen die, herri bakoitzean jaso duenaren pare. Horregatik, aurtengo aurrekontua 313.200 eurokoa bada ere, inbertsioen atalean 1.000 euro besterik ez daude. 

Udalaren esku administrazio kudeaketa dago eta horren baitan aparteko garrantzia du hirigintza planak. Gaur egungoa 1996koa da eta Ergoienako Udalean hura eguneratzea helburu gisa dute. Azken hiru legegintzaldietan horretan saiatu da udala. Emeterio Senar Elso alkateak eta Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak eta bigarren lehendakariordeak lastailaren 29an Ergoienak hirigintza plana egiteko hitzarmena sinatu zuten. 

Hitzarmenaren arabera, foru administrazioak hirigintza planak balio dituen 48.000 euroen %80 pagatuko ditu. Senarrek azaldu duenez, sinatu ondoren bizpahiru bilera izan dituzte planaren erredaktoreekin. “Baina pandemia eta bestelako arrazoiengatik atzeratuta dago guztia. Guk legegintzaldi akaberarako plana egina izatea nahi genuen, 2023rako. Baina, nire iritziz, ez dute bukatuko. Horretan saiatuko direla esaten dute”. 

Dirulaguntzaz
Nafarroako Gobernuak despopulazioaren kontrako jardueretarako dirulaguntza eman zien herrialdeko udal guztiei joan den urtean. Ergoienako Udalaren asmoa zen jasotako 16.518 euroak hiru kontzejuen artean banatzea eta bakoitzari 5.506na euro ematea beraien herrietan inbertsioak egiteko. Foru administrazioak, ordea, ez zion utzi Ergoienako Udalari diru banaketa hori egiten, bere egitasmo batean inbertitzera behartu zuen udala. Senarrek azaldu duenez, “udaletxeko ganboikoan artxiboa dago. Hara igotzeko alkatearen bulegotik itxura gabe ibiltzen ginen. Diru hori egurrezko eskailera bat jarri eta artxiboa txukuntzeko erabili dugu”.