Pandemiak kontzejuaren inbertsio nagusia atzeratu du

Guaixe 2020ko urr. 6a, 09:40
Errozko ikuspegia Arakil ibai gaineko zubitik. Goian kontzeju-etxea.

Dermioko bideak konpontzeko asmoa zuen eta dirulaguntza ere bazuen, baina lanak ez dira aurten eginen.

Errozko Kontzejuak aurten 37.323 euroko aurrekontua du. Sergio Altuna Garro kontzeju-buruak jakinarazi digunez inbertsioetarako 18.000 euro bideratuak zituzten. “Baina COVID-19arekin bertan behera gelditu da inbertsio handiena: dermioko bideak konpontzea. Lanek 60.000 euro pasako aurrekontua dute eta lortua genuen Nafarroako Gobernuaren % 60ko dirulaguntza. Baina aurten ezin izanen ditugu lanok egin. Ea hurrengo urtean”. Horretarako, jakina, dirulaguntza ziurtatuta izan beharko lukete. 

Bestelako inbertsioak egin ditu Errozko Kontzejuak. Garai bateko eskolen eraikinak kontzeju-etxea hartzen du beheko solairuan eta etxebizitza bat goikoan. Azken hori, gutxienez, azken 25 urteetan alokatuta egon da. Azken maizterrak duela 3 urte sartu ziren. Eraikina berotzeko etxebizitzan zegoen galdara erabiltzen zen. “Baina zeinek noiz erabiltzen zuen eta horrelakoak eragozteko, solairu bakoitzean galdara bana jartzea erabaki dugu”. Etxebizitzan galdara jarrita dago. Eta kontzeju-etxean pelleta erregai izanen duen estufa jarriko dute. Ez da kontzejuak eraikinean azkenaldian egin duen inbertsio bakarra. Joan den urtean teilatua konpondu eta fatxadak margotu zituen.