Presoen eskubideen aldeko manifestazioak atxikimenduak biltzen jarraitzen du

Guaixe 2015ko api. 1a, 17:08

Sarek deituta apirilaren 18an manifestazioa eginen da Etxarri Aranatzen.

Sakanako Sare dinamika herritarrak apirilaren 18an presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu du Etxarri Aranatzen. Mobilizazioarekin 3 aldarrikapen egin nahi dituzte: “euskal preso politikoei eta haien senideei eta lagunei aplikatzen zaien dispertsio politika krudelarekin amaitzea, gaixo dauden preso eta iheslarien berehalako etxeratzea, eta, azkenik, giza eskubideak, konponbidea, bakea”.

Atxikimenduak nora
Manifestazio horri atxikimendua emateko dinamika kanpainak aurrera jarraitzen du. Atxikimendua eman nahi duten Sakanako eragile eta norbanakoek sakanasare@gmail.com e-posta helbidera zuzendu daitezke. Sakanako Saretik jakinarazi digutenez, dagoeneko hainbat dira atxikimendua azaldu dutenak.

Auzitegi Nazionalak presoen gerturatzen eskaerak baztertu ditu
Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 50 kide inguruk azaroan kexua helarazi zuten Auzitegi Nazionalera, presoen sakabanaketarekin bukatzea eskatzeko. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epaile Maria de los Reyes Jimeno Gutierrezek ezetz erantzun du, ez duela presoen sakabanaketa bukatzeko urratsik emango. Erabaki hori Espetxe Zaintzari ez dagokiola dio Jimenok. Jimenok adierazi duenez, berari presoen eskubideak bermatzea dagokio, eta sakabanatuta dituzten presoei ez zaiela eskubiderik urratzen gaineratu du epaileak. Presoek salatutako urraketa bakoitzari zehazki erantzun gabe ebatzi du hori epaileak, kexuen sakoneran sartu gabe.

Epaile aldaketa
Presoek egindako kexuei Espetxe Zaintzarako ardura urtetan daraman Jose Luis Castro epaileak erantzungo ziela uste zen, baina espero ez zen epaileak, Maria de los Reyes Jimenok, hartu du erabakia. Castro epaileak plazaratutako hainbat ebazpenek liskar handiak eragin dituzte azken urteetan eta adierazgarria da bera erabaki hau hartzetik kanpo geratu izana.

Presoen abokatu lanetan aritzen diren abokatuek adierazi dutenez, 10 bat jakinarazpen jaso dituzte, eta guztiei aipatutako oinarri berberen gainean erantzun zaie. Abokatuek filtrazioak salatu dituzte, autoak kaltetuen defentsari baino lehen hedabideei bidaltzen dizkietela salatuz. Gogoratu behar da gaixoek, 70 urtetik gorakoek eta preso 20 urte baino gehiago daramatenen presoek egin zituztela aipatu eskeak, 50 kide inguruk, sakabanaketaren eragina gehien pairatu dutenak. Tartean dago Unai Parot Navarro.

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako erabakia gogor kritikatu dute presoen senitartekoek. “Sakabanaketak ez dituela eskubideak urratzen esateak espetxe politikaren ondorioak ezkutatzea du helburu” adierazi du Etxeratek. “Senideen eskubideak ere errespetatu behar dira” gaineratu du Sarek.

Helegitea
Presoen abokatuek iragarri dute erreforma helegitea aurkeztuko dutela Auzitegi Nazionalean bertan.