Aldapasoroko lanak aurrekontuan jasoak

Guaixe 2015ko api. 2a, 09:40

Etxarri Aranazko Udalak aurten 2.552.402,9 euro kudeatuko ditu, joan den urtean baino 833.753,72 gehiago.

Utzubar Txikiko urbanizazio lanek baldintzatu dute aurtengo aurrekontua. Eneka Maiz zinegotziak azaldu digunez, “aurrekontuaren puska handia hartzen du eta markatu egin du. Hala ere, ez da murrizketarik izan”. Maizek nabarmendu du kultura, festa, herriko taldeei diru-laguntzen (13.500 euro), Mank-eko, UEMA (7.323 euro) edota Udalbiltzako diru-sailak (3.000 euro) mantendu egin direla.

Berrikuntzak ere badira. Orain arte haien umeak Danbolintxulo haur eskolara eramaten zuten gurasoek diru-laguntza jaso zezaketen (9.000 euro). Aurten aukera bera izanen dute Kattuka zentrora eramaten dituzten gurasoek ere (2.000 euro). Bestalde, Etxarri Aranazko generoen arteko aukera berdintasuna bermatzeko diru-saila onartu du (3.000 euro). Haren bidez aholkularitza eta tratu txarren inguruan langintza eginen du udalak. Energia aurrezteko, udalak argiteria monitorizatzeko asmoa du ere.

Lanak
Hilabete inguru da Utzubar Txikiko lanak hasi direla. Ura, gasa eta argindar sareak, espaloia eta zoladura berriak eginen dira ikastolaren eraikin berrira, futbol zelaira eta hilerrira eramateko. Eskola pareraino eginen da urbanizazioa. Utzubar Txiki edo heziketa eta kirol gunearen 1. faseko urbanizazioa HNV, S.A. eta Obrum CIBi enpresak ari dira egiten eta haien truke 152.960 euro jasoko dute.

Aldapasoroko lanak
Utzubar Txikin hasitako lanak ez dira Etxarrin aurten eginen diren bakarrak. Aldapasoro auzoko sareak eta zoladura berritu behar dira. Lanak 2011 urtean egitekoak ziren baina Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza faltagatik atzeratu egin ziren. Lan horietarako 841.631,6 euro bideratuko dira. Udalak gobernuaren 535.730,55 euroko diru-laguntza espero du. Bestalde, auzokideek kontribuzio berezien bidez 214.894,49 euroko ekarpena eginen dutela aurreikusi du udalak ere.


Aplikazioa
Herrian farola matxuratuak, koxkak edo zuloak kalean, ur ihesak edo bestelakoak izan daitezke. Orain arte haien berri emateko udaletxera joan edo hara deitu behar zen. Maizek jakinarazi digunez, udalak adimendun telefonoendako aplikazio bat martxan jarriko du eta haren bidez etxarriarrek udala gaztigatu ahal izanen dute.  


Diru sailak
Festak                                  72.000
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak 68.109,02
Kultura programazioa            46.000
Musika eskola                       33.000
Frontoia                               26.521,11
Baso hobekuntzak                22.926,08
Antzoki sarea                       14.000
Cederna Garalur                   11.555,57
Fusilatuen DNA probak           2.500


Aurrekontua kontsultatzeko, hemen.