Igarzabal eta Ibarbia nagusi II. Triku Trailean

Guaixe 2015ko eka. 29a, 10:16
Juanjo Igarzabal helmugara iristen.

37 sakandar lehiatu ziren eta Evaristo Noveleta eta Izaskun Beunza izan ziren azkarrenak. Triku Txikian 60 neska-mutilek hartu zuten parte

Sakandarrak II. Triku Trailean (21 km)
1.Juanjo Igarzabal: 1:46:57
12.Evaristo Noveleta (Irur): 1:57:57
18.Joxeja Maiza (Etx): 2:03:10
24.Mikel Rubio (Irur): 2:05:36
27.Alberto Razkin (Etx): 2:07:25
36.Beñat Katarain (Lak): 2:09:43
40.Patxi Cano (Alts): 2:11:18
41.Iker Flores (Alts) 2:11:35
42.Mikel Perez de Eulate (Etx): 2:11:40
48.Ander Unzurrunzaga (Etx): 2:12:44
72.Fran Araña (Arb): 2:18:33
92.Javier Senar (Etx): 2:22:26
96.Raul Audikana (Olaz): 2:22:58
104.Izaskun Beunza (Olaz): 2:24:15
108.Israel Arbizu (Etx): 2:25:03
109.Julen Paniagua (Urd): 2:25:03
127.Igor Artieda (Etx): 2:29:26
132.Juan Mriñelarena (Etx): 2:30:35
140.Alberto Anton (Alts): 2:32:46
144.Juan Daniel Lakuntza (Etx): 2:33:54
148.Julen Arratibel (Etx): 2:34:54
157.Jose Mari Igoa (Alts): 2:36:46
163.Ibai Arrese (Etx): 2:38:19
172.Jose Leitza (Arb): 2:39:32
175.Fermin Zornoza (Olaz): 2:39:46
176.Ion Zubiria (Alts): 2:39:55
185.Jon Goikoetxea (Etx): 2:40:33
202.Maite Zabaleta (Etx): 2:43:20
206.Mikel Beloki (Etx): 2:44:36
207.Xabier Urrestarazu (Etx): 2:44:36
211.Erkuden San Martin (Etx): 2:44:55
226.Maria Goikoetxea (Etx): 2:49:27
254.Aiert Lizarraga (Etx): 2:58:49
257.Iker Salinas (Etx): 2:59:18
267.Asier Arratibel (Etx): 3:05:40
268.Juan Jose Iriarte (Etx): 3:06:27
286.Jabier Bados (Olaz): 3:17:53
291.Amaia Gerrikagoitia (Arb): 3:21:46

Arrakastatsua izan zen igandean jokatutako II. Triku Traila. Etxarri Aranazko kanpinga irteera eta helmuga zuen lasterketan 350 korrikalarik hartu zuten parte, probak ahalbideratzen zuen gehiengoa. Horietatik 307 klasifikatu ziren, probak zituen 21 km eta 2.800 metroko desnibel positiboa osatu ondoren. Hariztiz, pagadiz eta trikuharriz jositako paraje zoragarrietatik ibili ziren korrikalariak eta zuhaitzen itzala eskertu zuten, 30 graduko tenperaturari aurre egin behar izan baitzioten.

Antolatzaileek, mendi lasterketetan ibiltzen diren korrikalari etxarriarrak eta zaletuak, Etxarri Aranazko Trikuharrien ibilbidea hartu zuten oinarri ibilbidea prestatzeko. Kanpingetik aterata Maitzegurretik eta Auntzetxetik pasatu ziren korrikalariak. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira heldu ziren, eta ondoren Txaradigorri trikuharrira jo zuten. Horixe izan zen tartetik gogorrena. Hortik Hirumugeta igo zuten, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbide zoragarritik jaitsi ziren, Etxarriko kanpineko helmugara iristeko. Basoan barrenako ibilbide gorabeheratsu eta ederrean Juanjo Igarzabal izan zen azkarrena (1:46:57). Zumarragakoak ia 4 minutu atera zizkion Joseba Larralde beratarrari (1:50:51). Hirugarrena Ilunberriko Xabier Zarranz sailkatu zen (1:51:50). Igarzabalek azaldu zuenez, Joseba Larraldek hartu zuen aurrea hasieran. “Indartsu hasi da eta elkarrekin egin ditugu lehendabiziko 6 kilometroak, txandakatuz. Nik erritmoari eutsi egin diot eta Joseba atzean geratzen hasi da; baina Lizarrustiraino oso gertu egon gara. Bukaera aldera alde gehiago atera diot. Proba hau oso gorabeheratsua da eta niretzat Fagamendiko igoera izan da gogorrena. Indarrak ongi neurritzen ez badituzu, denbora asko galtzeko arriskua duzu” adierazi zuen txapeldunak, Etxarri berarendako “berezia” dela aitortu zuen. Izan ere, ferietan jokatzen den Etxarriko Mendira Joan Etorria ere irabazitakoa baita gipuzkoarra.


Noveleta eta Beunza, lehen sakandarrak
Emakumezkoetan Aitziber Ibarbia zizurkildarra gailendu zen (2:08:34), Nerea Amiliabiari 4 minutu aterata (2:12:34). Lide Gorostiola izan zen hirugarrena (2:22:57). “Probak ez ditu malda ikusgarriak eta ez da proba oso teknikoa, baina ibilbidea gorabeheratsua da eta horrek hankak zigortzen ditu” azaldu zuen txapeldunak. Izaskun Beunza olaztiarra izan zen laugarren emakumea eta lehen sakandarra (2:24:15). Aipatzekoa da lasterketan 37 sakandar aritu zirela. Gizonezkoetan Evaristo Noveleta irurtzundarra izan zen lehen sakandarra, helmugan 12.a sailkatu eta gero (1:57:57) eta emakumezkoetan Izaskun Beunza.

Ibilbidean barna 8 hornidura gune prestatu zituzten antolatzaileek, eta helmugan muskuluak errekuperatzeko igerileku txikia izotzez bete zuten. Horrekin batera igerilekuetan bainua hartzeko aukera izan zuten korrikalariek eta itzalpean masajeak hartzeko aukera. Antolakuntzan 120 pertsona baino gehiago aritu ziren lanean, eta korrikalariek antolakuntza bikaina izan zela nabarmendu zuten. “350 pertsonendako tokia agortu zaigu baina ez dugu kopurua handitzeko asmorik. Gurean izena ematen duten korrikalariak ongi zaindu eta mimatu nahi ditugu” azaldu zuten Triku Traileko arduradunek.


Sari ematean 1.200 euro banatu ziren. Irabazleek txapelak jaso zituzten eta podiumeko gainontzekoek trofeoak. Lehen sakandarrendako, lehen etxarriarrendako eta lehen kanpistendako ere trofeoak izan ziren. Gainera, korrikalari guztiek kamiseta eta produktu lotea jaso zuten opari eta kanpingean bildutako guztiendako auzate ederra izan zen.

Triku Txikian 60 partaide
Aurten, lehenengoz, kategoria txikienendako Triku Txikia antolatu zen, 500 metroko lasterketa edo traila. 60 neska-mutikok hartu zuten parte, giro ederrean. Proba ez lehiakorra zen eta ez zen sailkapenik egin, guztiak izan ziren irabazle.