Karrikestu BAT

Guaixe 2015ko aza. 13a, 10:37

Gaur, 21:30ean, Etxarri Aranazko Karrikestu elkartean Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketa.


Battit Crouspeyre (Baigorri, Nafarroa Behera), Mikel Lasarte (Barañain, Nafarroa), Eneritz Artetxe (Azkoitia, Gipuzkoa), Xabier Igoa (Aramaio, Araba), Malen Amenabar (Larrabetzu, Bizkaia) eta Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz, Nafarroa) bertsolariak elkartuko ditu Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketak (BAT). Seigarren edizioa da aurtengoa.

Karrikestu elkarteko Mikel Mundiñanori Etxarrin bertsozaletasunak gora egin duela iruditzen zaio: “Saiorik saio ikus-entzule etxarriar gehiago aurki daiteke, urtean zehar gero eta saio gehiago antolatzen da herrian, herritarrak puntu bat edo beste botatzera animatzen dira…” Karrikestuk antolatutako sariketak aurreko urteetan “arrakasta” izan duela nabarmendu digu: “akuilu izan nahi du, jendea bertsora eta zeharka euskaraz aritzera gehiago hurbil dadin”.

Mundiñanok, bestalde, BAT-en bidez Karrikestu elkarteak bertsolari gazteei “plaza interesgarri bat” eskaintzen diela nabarmendu du: “ezagutzera emateko, beraien burua proban jartzeko…”. BAT antolatzeko garaian “Euskal Herriko lurraldetasuna irudikatuz Karrikestuk herrialde bakoitzetik bertsolari bat gonbidatzeko irizpidea (Nafarroatik bi, Nafarroan gaudelako) dauka, nahiz eta jakin badakigun Nafarroa Beherea eta Zuberoatik bertsolari bana erakartzea zaila izaten dela (ahalegina egingo dugu)”. Irizpide horiekin, elkartekideak, Nafarroan halako sariketarik ez dela antolatzen gaztigatu gaitu. Eta bertsozaleen artean “ospea hartu” duela ere.

Karrikestu Elkartea
Hura sortu zenean bazkideek euskara eta euskal kultura sustatzearen aldeko asmoa azaldu zuten; “elkarteak herri honen izaera osatzen duten berezkotasunak indartze aldera bere ahalegina egin nahi du”. Horregatik, kultura eskaintza gero eta zabalagoa eskaintzeko ahalegina egiten du. Horien artean daude: Euskal Herriko Mus Txapelketak, sagardotegi-auzateak, hitzaldiak, euskal musikaren aldeko ekimenak, herriko euskalkia indartzeko ekimena, sukaldaritza ikastaroak, bertso afariak,  BAT... Azken horrek euskararen erabilpenarendako, euskal kulturaren sustapenean, hau da, bertsozaletasunaren zabalkundean, bultzadatxo bat izan nahi du.