Kirola denontzako delako onuragarri

Maialen Huarte Arano 2016ko urt. 15a, 10:26

Patxi Urrestarazu eta Naroa Araña.

Garun paralisia dutenekin aritzen dira Patxi Urrestarazu eta Naroa Araña. Aspace zentroan Dordoka kirol elkartean boluntario aritzen dira.

Donostian du egoitza Dordoka Kirol Elkarteak. Bertan aritzen dira boluntario Patxi Urrestarazu eta Naroa Araña etxarriarrak. Garun paralisia dute Dordoka elkartean kirola egiten dabiltzanek. Hori baina, ez da muga bat. Kirola denondako onuragarria delako, zailtasun gehigarriak dituztenei kirola egokitzea da Dordokaren eta bertan aritzen diren boluntarioen erronka. 1992tik ari dira lanean kirol elkarte horretan eta estatu mailan kirol egokitua aurrera eraman zuen lehenengo taldeetako bat ere izan da.

Boccia, slaloma, igeriketa, atletismoa edota txirrindularitzak indar handia dute Dordokako erabiltzaileen artean. Duela 25 urte hasi zen boluntario gisa Urrestarazu. Hasieran, Aspacek Iruñean zuen egoitzan izan zen eta zenbait urteetako geldialdiaren ondoren, Donostian ekin zion ibilbideari duela zazpi bat urte, Dordokan. Araña, berriz, ikaslea da. Donostiako unibertsitatean egiten ditu ikasketak eta joan den urtean ekin zion boluntario izateari. Ordutik, kontent da esperientziarekin. Urrestarazu hain zuzen boccia kirolarekin aritzen da boluntario. Garun paralisia dute kirol horretan parte hartzen dutenek eta bakoitzaren gaixotasun mailaren arabera egokitu egiten da kirola. Batzuk ez dute inongo arazorik bocciako pilota jaurtitzeko. Besteek, eskuekin jaurti dezakete baina laguntza behar izaten dute eta gainerakoek, kanaleta baten laguntza izaten dute. Mugak-muga eta zailtasunak zailtasun, parte hartzea eta elkarren artean txapelketak antolatzea izaten dute xede. Espainiako txapelketetan ere parte hartzen dute eta Dordoka elkartea Donostian izanagatik ere, hiriburu desberdinetan aritzen dira jokoan.

Slalomak ere arrakasta handia du. Naroa Araña aritzen da kirol horretan parte hartzen dutenekin. Donostian ikasten ari da Araña eta astean behin lastailaz geroztik Dordokara joaten da boluntario gisa. "Ez nuen kirola maila horretan ezagutzen baina oso interesgarria da, asko disfrutatzen dute", azaldu du. Gurpildun aulkian aritzen dira lehian. Zirkuituak dituzte eta tarteka oztopoekin egiten dute topo. Ibilbidean topatzen dituzten piboteak gainditu behar dituzte eta ahalik eta denbora gutxienean. Oztoporen bat botaz gero, edo behar bezala gainditzen ez bada, denbora-zigorra ezartzen zaio partaideari, eta batzuetan ere kanporatua izaten da. "Lehia bi kirolariren artean sortzen denean tentsio handiz aritzen dira nork irabaziko", azaldu du Arañak. 1992an hasi zen slaloma gurpil-aulkian ezagutzen eta hain zuzen ere Aspace Gipuzkoak lehen taldea sortu zuen. Ordutik beste autonomia erkidegoetara zabaltzen hasi zen, eta hala, 1993an Espainiako aurreneko txapelketa antolatu zen.

Boluntarioen lana, ezinbestekoa
Egokitutako kirola da Dordoka Kirol Elkarteak eskaintzen duena. Garun paralisia izanda, boluntarioen laguntza behar izaten dute kirola praktikatzerako unean. "Gure laguntzarik gabe jende askok ez luke aukerarik izanen kirola egiteko", azaldu dute Urrestarazuk eta Arañak. Euren ekarpenak Dordokan parte hartzen dutenen garapena laguntzen du. "Esfortzu handia egiten dute eta asko baloratzen dute gure laguntza", nabarmendu dute. Jakinda boluntarioen laguntzarik gabe ezin izanen luketela kirolik egin "ase" egiten ditu Urrestarazu eta Araña. "Bizitzaren beste ikuspegi bat izaten dute garun paralisia duten pertsona hauek eta guri transmititzen digute, beste modu batean egin daitekeela aurrera", diote. Astean behin izaten dira Dordokan boluntario. Txapelketak egiten direnean, gehiagotan ere izaten dira beraiekin.

Kirol jardunean guztira 6 boluntario aritzen dira Dordokan. Bocciaz eta slalomaz aparte atletismoa, pisu jaurtiketa, igeriketa eta bestelakoak ere egiten dituzte.

Norberaren gaitasunari egokitua
Garun paralisia izatea ez da muga izan Dordokako kideendako. Norberaren gaitasunaren arabera moldatu dute kirola. Garun paralisiak sor dezakeen gaitasun ezaren arabera moldatu dituzte. Lehen mailako garun paralisia dutenek, esaterako, oso mugatuak dituzte eskuetako mugikortasunak, adibidez. Hortaz, boccian aritzeko eta pilota jaurti ahal izateko behar duten laguntza eskaintzen diete boluntarioek. Bigarren mailako garun paralisia dutenek abilidade gehiago dute eskuetan eta ia euren kabuz aritzen dira boccian. Hirugarren mailakoek ezin dituzte euren eskuak erabili eta kanaleta baten laguntzarekin jaurtitzen dute pilota: "askotan garun paralisiak fisikoki eragiten die baina baita psikikoki ere". Zailtasun gehien dutenekin, keinuz aritzen dira elkar ulertu eta pilota jaurti ahal izateko: "kanaleta non kokatu eta zenbateko indarraz jaurti behar den keinuz adierazten digute, gero jaurti ahal izateko", azaldu du Urrestarazuk.

Ez da denbora pasa bat bakarrik. Kirola egitea gustatzen zaie eta praktikatzeaz gainera txapelketetan ere parte hartzen dute. Erkidegoen artean estatu mailan aritzen dira lehian. Harremana sustatzen da kirolarien artean eta bidaiatzeko aukera ere sortzen zaie. Eurek erakusten dute, kirola denondako dela onuragarria eta denok direla gai praktikatzeko.