Ekin-en auzia akordioarekin itxi da

Guaixe 2016ko api. 14a, 16:45

Akordioa lortu ondoren, Madrilen prentsari adierazpenak egiten.

Patxi Arratibel eta beste lau euskal herritarren eta fiskalaren arteko akordioari esker, 04/2014 sumarioko auzipetuek ez dute berriro kartzelara joan beharko (urte eta erdi eman zuten behin behineko espetxealdian).

Akordioa ixtea hamabost minutuko kontua izan dela azaldu digu Patxi Arratibelek. Fiskalarekin adostuta, espetxe zigor eskariak zortzi urtetik bira murriztu dituzte, eta ez dira espetxera itzuli beharko. “Erakunde terroristako kide izateagatik” zigortuak izan dira. Fiskaltzaren iritziz, “Ekineko kide izanda, ETAren aparatu politikoko kide desdoblatu gisa, 2009. eta 2010. urteetan ETAren aginduetara ezker abertzaleko hainbat antolakunde koordinatu eta dinamizatu zuten”.

Arratibelek esan digunez, aurretik akordioaren berri bazuten, baina ezin zutela ezer esan azaldu digu, “halakoak ongi eraman behar dira”. Arratibelek azaldu digunez, Segurako auzian lortutako akordio bera da orain onartu dena. Ilbeltzean bezala gaur ere akordioan jasoa dago, auzipetuen “ekinbidea estatuaren legediaren kontrakoa” izan zela. Horrekin batera, bostek “indarkeriaren erabilerarekin zerikusia duen edozein jarduerari” uko egiten diote, aitortza horrekin “terrorismoaren biktimei sortutako sufrimenduagatik erreparazioan” laguntzeko. Segurako auzian lortutako akordio bera da. Larunbatean prentsaurrekoan guztiaren balorazioa eginen dute bost nafarrek.

Tortura salaketa
Guardia Civilak 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zuen Arratibel. Inkomunikazio aldian torturatua izan zela salatu zuen eta polizia deklarazioan abizenaren ordez Aztnugal (laguntza, alderantziz) idatzi zuen. Jasotako tratuaren lekukotza uzteko eta bera eta beste pertsona batzuen kontrako inkulpazioa baliorik gabe uzteko saioa izan zen hori. Tortura testigantza Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino eraman zuen etxarriarrak eta Estrasburgoko auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen, salaketa hura ez ikertzeagatik. Atzekoz aurrerako hitz hori, Aztnugal, bihurtu dute auzia salatzeko kanpainaren ikur.

Beste bat
Ekini lotuta beste sarekada bat egin zuten 2010eko irailean. Orduan  atxilotutako bederatzi lagun maiatzaren 17an epaitzen hasiko dira. Haien artean dago Joxe Aldasoro etxarriarra.