Walther Becerrak eta Virginia Perezek Trikutraileko errekorrak apurtu zituzten

Guaixe 2016ko eka. 27a, 15:47

1:42:58 eta 2:07:08 izan zen txapeldunen denbora. Joxeja Maiza eta Maria Goikoetxea etxarriarrak izan ziren lehen sakandarrak

Igandean jokatutako Etxarri Aranazko III. Triku Trail mendi lasterketa –21 km, 1.400 metroko desnibel +– arrakastatsua izan zen oso. Probako 350 dortsalak aspaldi agortuak zeudela, 350 korrikalari horietatik 282 korrikalarik lortu zuten Aralarren jokatutako mendi lasterketa bukatzea. Etxarriko proba Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako eta Euskal Herriko Koparako baliagarria zen. Sestao Alpino taldeko Walther Becerra sestaoarrak irabazi zuen proba, 1:42:58ko errekor berria ezarriz. Ia minutu bateko aldea atera zion Lezoko Ander Iñarrari (1:43:48). Jon Sola iruindarrak osatu zuen podiuma (1:45:32).

Becerra, “deskuidatu gabe”
31 urterekin, bere lehenengo Triku Traila zuen Becerrak. Berezia bezain malkartsu eta gogorra izan zen ibilbidea bere esanetan. "Ez nago nire unerik onenean, lesio zenbait izan ditut azken hilabeteotan. Nire mailan ez egoteak gehiago sufritzea ekarri dit eta ez dut guztiz disfrutatzea lortu" aipatu zuen. Izan ere, gerria mindurik izan du eta oraindik ez du lortu guztiz osatzea. Erritmoa errekuperatzea kostata ere, jakin izan du lehen postua mantentzen: "Hasieran indartsu ekin diot, lehen minutuetatik distantzia mantentzeko bigarrengoarekin". Ez dela xamurra izan aitortu du, segika izan baitu ibilbide osoan zehar Ander Iñarra. “Deskuidatu gabe ibili behar izan dut ibilbide osoan” gaineratu zuen.

Emakumezkoetan ere orain arteko errekorra apurtu zuen Sestao Alpino taldeko Virginia Perez gasteiztarrak (2:07:08). “Oso lasterketa polita da, zuhaitz artean eta aldapa nahiko gogorrekin” azaldu zuen. Maider Fraile izan zen bigarrena (2:10:26) eta Andrea Garai gasteiztarra hirugarrena (2:10:33).

Izan ere, Triku Traileko ibilbidea zoragarria da. Etxarriko kanpinetik aterata eta Etxarriko Trikuharrien ibilbidea oinarri hartuta, harizti eta pagadi ikusgarrietatik barna gauzatu zen proba, Lizarrusti, Hirumugeta eta Fagamenditik pasatu ondoren haritz zaharren ibilbide zoragarritik kanpinera heltzeko. Eguraldia korrika egiteko aproposa zen.

Sakandarrak: Maiza eta Goikoetxea garaile etxean
Triku Traila inoiz baino sakandarragoa izan zen, 48 korrikalari sakandarrek lortu baitzuten proba despeditzea, horietatik 6 emakume zirela. Gizonezkoetan Joxeja Maiza etxarriarra izan zen azkarrena, helmugan 13. Postuan sartu eta gero (1:54:32). Aritz Ganboa izan zen bigarren sakandarra, 22. Postuan (1:58:28) eta Ander Unzurrunzaga Iurrebaso beterano etxarriarra hirugarrena, eta probako hirugarren beteranoa (2:01:53). Emakumezkoetan Maria Goikoetxea etxarriarra izan zen lehen sakandarra eta sailkapen absolutuan 158.a (2:32:57), Maite Zabaleta etxarriarra bigarren sakandarra eta helmugan 178.a (2:38:05) eta Erkuden San Martin etxarriarra hirugarren sakandarra eta helmugan 183.a (2:39:31).

Juniorretan Ben Daud txapeldun
Etxarriko lasterketa Euskal Herriko Koparako baliagarria zenez, kadeteendako eta juniorrendako 15 km-ko ibilbidea prestatu behar izan zuten aurten antolatzaileek, lehenengoz. Juniorretan Lakuntza-Aralar lasterketa irabazi zuen Hamid Ben Daud izan zen irabazlea (1:21:36), Josu Galvez (1:21:55) eta Imanol Kañamaresen (1:22:29) aurretik. Asier Estarriaga etxarriarra izan zen lehen sakandarra, juniorretan zazpigarrena (1:34:51). Emakumezkoetan Janire Agirrek irabazi zuen (1:53:06), Rebeca Montañes izan zen bigarrena (1:59:55) eta June Etxeberria (2:01:45) hirugarrena. Kadeteetan Ander Gaviña (1:25:12) izan zen azkarrena, Kimez Galarraga (1:28:22) eta Eki Imaz (1:30:58) korrikalarien aurretik.  

Sariak
Sari ematean 1.200 euro banatu ziren dirutan, txapela eta trofeoez gain. Guztia antolatzeko 100 boluntario inguru aritu ziren lanean. Triku Trail kirol taldeak antolatu zuen proba, Etxarri Aranazko udala, Etxarriko Kanpina, Sakana Kooperatiba, Xalok kirol nutrizioa eta beste makina bat babesleren laguntzarekin. Erantzunarekin eta egunak emandakoarekin oso kontentu zeuden Triku Trailekoak eta bilketa lanak egin eta atseden hartu ondoren, aurki IV. edizioa prestatzeko lanetan murgilduko dira.