Beilatoki lizentzia hizketa-gai

Guaixe 2016ko ira. 23a, 09:39
Aurretik banku baten egoitza hartzen zuen tokian jarri nahi lukete beilatokia.

Aldamenek tokiz aldatzeko sinadura bilketa hasi dute. Udalak dio legediari jarraituz eman dela baimena.

Nagusia kaleko 2., Eraga etorbideko 1., Artola 2. eta 4. kalean dauden etxebizitzen bizilagunek eta Etxarri Aranazko Jubilatuen Elkarteak sinadura bilketa jarri dute martxan. Haren bidez udalari bi eskaera egin nahi dizkiote: Nagusia kaleko 2. zenbakiaren beheko aldean jarri nahi den beilatokiaren kokapena aldatzea eta hildakoen inguruko osasun udal ordenantza bat sortzea, non beilatoki/tanatorioen instalakuntza herritik kanpo arautuko duen. Etxarriarrak sinatzera gonbidatu dituzte.

Aldamenek pentsatzen dute zerbitzua “herriarendako eta inguruko herriendako beharrezkoa dela, eta ez dauka inork bere gain hartu beharrik denona dena, bizi kalitatean eragiten duelako maila askotan”. Egitasmoa “komunitatearen ongizatearen atzera pauso bat da”.  Ez dute “bidezkoa” jotzen “bizikidetza aldatzea, herriarekin kontsultatu gabe. Eta kontsulta baten bidez antolatu, moldatu, egokitu eta denon onespenerako erabakiak hartu”. Bera, Txantrea eta Uharte-Iruñeko kasuak gogorarazi dituzte: “udalak beste kokapen bat bilatzen ari die”. Horregatik udalean beilatokiko lanak gelditu “eta alferrikako gastuak ekiditeko” eskaera bat aurkeztu dute.

Udalak Izarralore enpresaren beilatokia eraikitzeko eskaera onartu zuen. Sinadura bilketa sustatu duten etxarriarrengan “kezka” sortu du eta euren “gaitzespena” adierazi dute; “bizilagunok lekua ez dela aproposa kontsideratzen dugu eta beste leku bat bilatu behar litzatekeela pentsatzen dugu”. Horrekin batera, Arartekoak gomendioa gogorarazi dute: “etxebizitzen beheko solairuetan,  beilatokiak debekatzea iradokitzen du eta beste kokapen bat bilatzea”.

Argudioak
Sinadura bilketaren sustatzaileek diotenez, “pertsona bat hiltzen denean, maitatzen dutenek giro lasaia, barea behar dutela lagun maitea agurtzeko ulertzen dugu”. Trafiko gehien duen kale Nagusia baldintza horiek ez dituela betetzen uste dute. Aldi berean, inguruan nahikoa aparkalekurik ez dagoela nabarmendu dute. “Ez dago leku ireki bat non hitz egin, erlaxatu, … horrek,  espaloiak eta bidea bera ere hartzera behartuko luke”.

Auzokideek diotenez, beilatokiak euren eguneroko bizitza baldintzatuko lukeela: “musika entzun, aspiragailua pasa eta horrelako gauza naturaletan mugatzen du. Hildakoaren senide eta lagunekin topo egiten da eta aldiro behartuta dago saminarekin bizitzera. Eraikuntzaren inguruko guneetan, adineko eta haurren mugimendua ere baldintzatzen du”. Bizilagunek pentsatzen dute “beilatoki bat kokatzeak berez gaitzespen eta ezinegona sortzen duela”. Ez dute egoki jotzen etxebizitzen beheko aldean kokatzea. “Trabak sortzen baditu bizilagun gehienengan eta bizikidetza soziala hondatzen badu instalazioen legalitatea ez da administrazioak aintzat hartu behar duen bakarra”. Haien ustez, “herritarren interesen gainetik ezin dute enpresen merkataritza jarduerak egon, ezta  horien etika eta sentsibilitatearekin jolastu ere”.

Osasun arloan ere bizilagunek kezka dute. Osasun etxe eta ospitaleen modura beilatokiak eta tanatorioak ere aparteko eraikinetan egon beharko luketela diote. Proposatutako kokapenean “gaixotasunak sortzeko gunea dela uste dugu”. Lokala egokituta ez dagoela ere badiote. Aireztapen hodiekin bizi beharra edo saneatze sare bereiztuta ez izatea nabarmendu dute. “Higienerako materialak aparteko hondakinen kudeaketa behar luke, komunitateak sortzen dituenetatik kanpo”.

Etxarri Aranazko jubilatu elkartearen egoitza “beilatokiaren aurrean” dago, “non desadostasuna eta  beraienganako errespetu falta adierazi dute”. Bestetik, bizilagunek beilatokia “bukaeran” tanatorio bihurtuko den zalantza agertu dute: “ez dugu oso argi ez duten beilatokia tanatorio moduan erabiliko, non hildakoekin  kontaktua dagoen”.

Udalaren azalpena
Gaiaz galdetuta Etxarri Aranazko alkate Eneka Maiz Ulaiarrek, hasteko, halako jarduerak arautzen dituen Nafarroako legedi orokorra aipatu du. Batetik, 297/2001 Hileta Osasun Araudiko Foru Dekretua, beilatokiak, tanatorioak, errausketak, garraioak eta beste arautzen dituenak. Eta, bestetik, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Ingurumenaren Babeserako Interbentziorako 4/2005 Foru Legea (tabernen soinua, jatetxeen keak, beilatokiak…). Arau horiek Nafarroa guztirako berdinak direla eta herrialde guztian indarrean daudela gaineratu du. Horiek mugatzeko Etxarri Aranazko Udalak ez du inolako ordenantzarik, Nafarroako beste inon ez dagoen moduan.

Udalak beilatokia jartzeko baldintza administratiboak betetzen zituen eskaera jaso zuen, Osasun Departamentuaren eta udal arkitektoaren aldeko txostena zituena. “Osasun eta hirigintza baldintzak betetzen ditu. Eskaerak araudia betetzen du eta, horregatik, jaso du lizentzia. Legea betetzen duen aktibitate bat bertan behera uzteko eskumenik ez du udalak; hala dioen epairik edo aldeen arteko adostasunik ez badago”. Bestelako jokabide bat izatea prebarikazioa litzatekeela nabarmendu du alkateak. “Beste kontu bat da ea legedia aldatu beharko litzatekeen edo ez. Hori beste debate bat da. Sakonekoa”. Oraingoz udalak ez du horretarako eskaerarik jaso.

Aldi berean, udaletik argi utzi nahi izan dute beilatokirako baimena eman dela, eta ez tanatorioa jartzeko. Halakoetan hildakoen estetika zaintzeko praktikak besterik ez direla egiten azpimarratu dute, eta ez da tanatopraxia praktikarik egiten. Foru Legeak beilatokiak “jarduera ez kaltegarritzat” jotzen ditu lizentziak ematerakoan. Tanatorioetan, ordea, bestelako praktikak egiten direnez, “jarduera sailkatu” baten lizentzia beharko lukeela gaineratu dute.

Alkateak azaldu digu udala aldamenekoen ordezkariekin elkartu dela. “Beste edozein eskaerarekin gertatuko litzatekeen moduan, zuzeneko harremana dugu eta batzar irekiak egiteko prestutasuna ere azaldu diegu sustatzaileei”. Izan ere, Etxarri Aranazko Udala uda aholkularien, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta Toki Administrazioaren teknikarien aholkularitza jasotzen ari da. Azkenik, udalak jakinarazi du agur zibilak arautzeko ordenantzaren zirriborroa esku artean duela.