Kultur programa Nafarroako Gobernuaren Kultura, Kirol eta Gazteria Sailak antolatzen du. Programa udako gauetan gauzatzen da. Aurreko ostiralean IDDWAC taldearen kontzertu izan behar zen Arbizuko Olatzeako terrazan, baina eguraldi txarraren ondorioz bertan behera utzi zuten, eta oraindik zehazteke dagoen data batean eskainiko du folk taldeak kontzertua.
Etxarri Aranatzek hartuko du ostiral honetan Kultur programaren lekukoa. Gozategi taldearen kontzertua izanen da bihar, 20:30ean, plazan. G puntua aurkeztu zuen Gozategi taldeak maiatzean, "gozamenez" egindako diskoa, Iñigo Goikoetxea taldeko kideak azaldu zuen bezala. Disko berria "oso Gozategi" dela azaldu zuen: "jendeak entzuten duenean ez du sorpresa handirik hartuko". Diskoa kaleratu badute ere, Gozategi agertokietan, plazan, sentitzen da erosoen: "urte hauetan guztietan konturatu gara plazan egiten dugun lana oso garrantzitsua dela. Gaurko gizartean hedatu den diskurtsoa besteari kulpa botatzearena da. Guk kalejira batean ondokoari eskutik heltzeko ahalmena dugu, kontuan izan gabe nor dagoen ondoan".
G puntua disko berriaren abestiak betiko errepertorioarekin uztartuko ditu Gozategi taldeak Etxarri Aranazko emanaldian: "Urtero kontzertuak egiten ditugu eta nahiz eta ehun kanta baino gehiago izan kontzertu gehienetan jendeak eskatzen dituenak jotzen ditugu. Nolabait gogoa sartzen zaizu kanta berriak kantatzeko eta gauza berriak esateko ere". Iaz 25. urteurrena ospatu zuen taldeak.
Asier Gozategi (trikitixa eta ahotsak), Iñigo Goikoetxea (baxua eta ahotsak), Imanol Goikoetxea (gitarra eta ahotsak), David Gorospe (bateria), Asier Sarasola (tronpeta eta tronboia) eta Iñigo Perona (Tronpeta) dira Gozategi taldeko kideak.
Sakandarrak Kultur programan
Erkudengo Ama Abesbatzak kontzertua eskaini zuen Irantzungo monasterioan. Denetariko errepertorioa eskaini zuen abesbatzak larunbatean egindako emanaldian.