Euskal kantak abestu ez ezik, berreskuratu ere egiten dutela azaldu du Erdoziak.
1. Kantatzea gustatzen zaizu.
Kantatzea beti gustatu zait. Txikitatik. Aitarekin eta amarekin hirurok kantaz ibiltzen ginen, beti. Eta gero egon naizen taldetan gustora aritu naiz. Abesbatzan egon nintzen, baina hiru entsegu egin behar ziren astean, bi edo hiru ordukoak, eta lanarekin ezin nuen segitu. Eta utzi nuen. Donostian holako talde bat ikusten nuenean sartzen nintzen, Bizkaiko talde bat abesten zuen eta gustora sartzen nintzen, Beasaingo talde batekin ere aritu nintzen...
2. Nola hasi zinen Kapare kantu zaharrak taldean?
Behin Iruñeko Alde Zaharrean nengoen eta euskal kanten talde batekin topatu nintzen. Ezagun batek esan zidan joateko. Hilean behin joaten hasi nintzen. Baina astean behin Arrano Beltzan entsegua egiten zutela esan zidaten. Hasi nintzen. Atera nuen kontua, emaztearekin hitz egin nuen eta erosketak egitera asateazkenetan joaten naizenez eta entsegua egun horretan denez, joan nintzen. Eta horrela segitzen dut. Oso gustora. Duela bi urte inguru hasi nintzen.
3. Kantatzeaz gain euskal abestiak berreskuratzen dituzue ere.
Hori da. Kantu zaharrak errekuperatzen ari gara. Txema Hidalgo ari da lan egiten eta Nafarroan hirurehundik gora kantu zaharrak errekuperatu ditu. Asko da. Ikaragarriak dira, niri gustatzen zaizkit. Ez dugu Nafarroakoak bakarrik kantatzen, Euskal Herri osokoak. Iparraldekoak ere asko daude. Guk egiten duguna dira kantu zaharrak. Igual lau edo bost egiten ditugu hasieran, ongi sartzeko. Horiek dominatzen ditugunean beste bost egiten ditugu. Hamar horietatik ongi ateratzen direnak grabatzen ditugu.
4. Orduan grabatzen dituzue ere.
Iruñean Euskal Herrian kantuz izandu zen. Bagenekizkien zortzi kanta grabatu genituen eta bidali genituen Euskal Herri guztira denek ikasteko.
5. Kalez kale aritzen zarete ere, ez?
Iruñean, bai. Gero herrietara asko joaten gara, Pirinio baztarrean ibiltzen gara asko, euskara asko galdu da, baina kantu zaharra ikaragarri gustatzen zaie. Herri txikietara ere joaten gara. Oteiza, Erriberri eta halakoketara. Jende gutxi egoten da eta goaz indartzera, laguntzera. Bertako jendea sartzen da gurekin abestera.
6. Askotan ateratzen zarete?
Iruñean egiten dugu hilean behin. San Fermin Txikito izan zen, eta hor egon ginen. Germanen omenaldian ere egon ginen. Altsasuko auziko manifestazioa izan zenean ere. Eta gero, Erronkaritik asko deitzen digute, Luzaidetik... Baina ez da abesbatza batean bezala joatera behartuta zaudela. Aurreko urtean Lesakan Nafarroa Oinezen egon ginen eta egun oso polita izan zen. Aurten Altsasun da eta polita izan daiteke ere. Taldean hogei edo hogeitamar lagun izango gara, eta ahal duena joaten da. Eta ez da ezer pasatzen.
7. Etxarri Aranazko ferietan, igandean, Euskal Herrian kantuz eginen duzue lehen aldiz. Nola sortu zen ideia?
Egun batean Eneka Maiz alkateari komentatu nion Etxarrin horrelako zerbait egitea ondo egongo litzatekeela. Sakanan ez dugu sekula egin, Arbizun egon ginen, baina lau lagun etorri ginen. Eta Sakanan egin nahi nuen. Alkateak esan zidan baietz. Jose Luisekin eta Faustikin hasi nintzen hizketan eta antolatu genuen.
8. Zenbat abeslari bilduko zarete?
Hona etortzeko autobus bat alokatu dute. Errotxapeako eta gure kantu taldeak etorriko dira, bi talde. Errotxapeako hogei lagun inguru etorriko dira eta gure taldetik beste hemezortzi lagun edo hola. Eta gero ni hemen nagoela emaztearekin hogei egiten dugu. Badakit Tafallakoek etorri nahi zutela, Lizarrakoek ere. Baina zeinek egin behar du? Zeinek antolatzen du? Beste urte batean igual aurretik egina dagoela antolatu daiteke. Lehendabiziko urtea izanik iruditzen zait gehiegi.
9. Hemengo jendeak parte hartu dezake?
Nahi badu bai. Udaletxeak egin ditu jendeari banatzeko paper batzuk gurekin batera abesti batzuk abesteko. Asko oso ezagunak dira, besteak guk bakarrik egiten ditugunak entseatu behar direlako. Eta egingo ditugu bakarrik batzuk. Gustora gelditzeko gauza bat. Bazkaria egingo dugu Udaletxeko estalopean, eta gero kantatuko dugu. Garai batean egiten zen plazari buelta eman abesten. 100 metrotik behin abesti bat egin eta segitu buelta ematen. Nik uste hori egingo dugula. Nik uste gustatuko dela.
10. Beraz, giroa sortzen duzue ere.
Ez da bakarrik abestea. Bazkaria egiten dugu, eta gustora egoten gara. Azkeneko aldian ni lehenago itzuli nintzen 19:00etan, baina han gelditu ziren denak. Zikiro jatean egon ginen beste batean, eta tarteka abesten genuen. Oso gustora.
11. Zein da zuen abesti gogokoena?
Euskal kantak denetarik: Erribera, Eperrak...