Bargako igoerarako dena prest

Guaixe 2018ko urr. 5a, 12:48

Etxarriko feriekin batera igandean jokatuko da XLIII. Mendira Joan Etorria, 11:00etatik aurrera

Etxarriko ferietan kirolak garrantzi handia izaten du, eta igande goizeko egitarauan Udaberri elkarteak Etxarriko Udalaren laguntzarekin antolatutako Mendira Joan Etorriak are gehiago. Herritik atera, Bargara igo, Hartzabal zapatu eta atzera ere herrira jaisteko lasterketa oso kuttuna dute inguruko korrikalariek eta haiek animatzera hurbiltzen diren etxarriarrek.

Garai bateko apustu baten arira 1976. urtean hasi zen Etxarri Aranazko lasterketa hau. Aurten 43. edizioa jokatuko da, eta Euskal Herriko lasterketarik beteranoetariko bat da. Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria den azken proba izango da Etxarrikoa.

Korrikalariak goizeko 11:00etan abiatuko dira Etxarri Aranazko plazatik. Erronka Bargara igotzea da, pago eta haritz artean, Hartzabaleraino, maiatza jartzen den tokira hain zuzen (1.065 m). Jaitsiera bide berdinetik egiten da. Probak guztira 10 kilometro ditu, eta 572 metroko desnibel positiboa.

Izena emateko
Aurretiko izena ematea gaur, ostiralean despedituko da www.mendizmendi.com web gunean (10 euro), baina lasterketaren egunean bertan izena emateko aukera izango da Etxarriko plazan (15 euro). Parte-hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da. Dortsalak 9:00etatik 10:00etara banatuko dira udaletxeko estalopean.

Aurreko urtean 80 korrikalari lehiatu ziren, horietatik 38 sakandar, eta Beñat Katarain lakuntzarrak (46:48) eta Virginia Perez bizkaitarrak (52:56) irabazi zuten. Aurten, momentuz 50 korrikalari inguru daude izena emanda, egunean inskripzioa egingo dutenak kontuan hartu gabe.

Errekorra gaindituz gero 300 euro
Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorriko errekorra hobetuz gero, 300 euroko saria lortuko du txapeldunak, gizonak zein emakumeak, Olalde gaztak etxearen eskutik. Egun, gizonezkoen errekorra Juan Mari Garinek du (42:50, 2001ean) eta emakumezkoena Virginia Perez Mesonero gasteiztarrak (52:18, 2016an).

Oroigarria eta auzatea
Lasterketaren ondoren parte-hartzaile guztiek oroigarri bat jasoko dute opari, eta guztiendako auzate ederra egonen Udaberri Elkartean. Sari ematea plazan eginen da. Lehendabiziko gizon eta emakumeek 100 euro, txapela eta sari berezia jasoko dituzte, bigarrenek 75 euro eta sari berezia eta hirugarrenek 50 euro eta sari berezia. Bestalde, lehendabiziko gizon eta emakumezko etxarriarrek 50 euro eta sari berezia jasoko dute, eta bigarrenek eta hirugarrenek sari berezia. Lehen beteranoendako ere sari berezia egingo da.