Herri mailako elkartasunezko musika jaialdi handia

Guaixe 2019ko urt. 11a, 11:56
2017ko 'Zama doinuz arindu' jaialdia. ARTXIBOA

Zama Doinuz Arindu jaialdiaren laugarren edizioa izanen da etzi, igandean. Bi emanaldi eginen dira: 17:00etan eta 19:30ean. Espetxe politikak urratzen dituen eskubideak agerian utzi nahi ditu ekimenak. Euskal Herriko abeslari ospetsuek parte hartuko dute

Laugarren urtez euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia salatzeko eta gertatzen diren hainbat eskubide urraketaren zama arintzeko musika jaialdia antolatu dute Etxarri Aranatzen. Dagoeneko sarrera guztiak saldu dira; hortaz, Etxarri Aranazko kultur etxeko aretoa Euskal Herriko abeslari ospetsuak ikusteko bete da. Musikari bakoitzak bi kantu eginen dituela jakinarazi du antolakuntzak.

Antolakuntzak jakinarazi duenez ate irekierak 16:30ean eta 19:00etan izanen dira, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Hortaz, emanaldiak puntual hasiko direla argitu dute. Beraz, ateak emanaldi hasi baino bost minutu lehenago itxiko dituztela ohartarazi dute. Gainera, online bidez erositako sarrerak inprimituta eramateko eskatzen dute.

Aurten ere kartel osatua antolatu dute igandean eginen den jaialdirako: Glaukomako Juantxo Arakama eta Lil Martin Selektah; Fermin Muguruza eta Deskontrol taldeko Magu-Arri; Pantxo Carrerre; Koban; Akelarre taldeko kideak diren Juanpa, Xanet eta Xabi; Huntzako Josune eta Uxue eta Afu abeslaria. Gainera, Exprai marrazkilaria eta Itziar Ituño aktorea ere parte hartuko dute Etxarri Aranazko jaialdian.

Etxarri Aranazko Sarek eta senide eta lagunek antolatu dute Zama doinuz arindu kontzertu-ikuskizuna. Etxarri Aranazko presoen senideen zama arintzeko helburuarekin sortu zen jaialdia. Musikariek eskaera esku zabalik hartu zutela adierazi du Mikel Mundiñano Zapa jaialdiaren antolatzaileak.

Emanaldietan ezinen direla argazkiak edota bideoak egin ohartarazi du antolakuntzak.