Jesus Ulaiar Liziagaren hilketaren 40. urteurrenean semeetako batek larunbatean sortetxean oroigarri gisa jarritako lore sorta lurrean botata agertu zen igandean. Horren aurrean Etxarri Aranazko EH Bilduk, ohar bidez, berretsi du “Sufrimenduaren Mapa eginez hartutako ildoa: 1936tiko hona Etxarrin arrazoi politikoengatik 60tik gora hildako egon dira. Kasu gehienak epaitu eta argitu gabeak. Gertaera horien ondorioz sufritu duten eta sufritzen ari diren senide guztiei elkartasuna adierazten diegu, eta baita ere errekonozituak eta erreparatuak izateko eskubidea. Gure herrian elkarbizitzarako, bakebiderako eta askatasunerako ezinbesteko bidea da hori”. Horrekin batera, koalizioak adierazi du: “sufrimendu hori areagotu dezakeen edozein gertaera tamalgarria da, elkarbizitzarako atzerapausoa baita”.
Aldi berean, koalizioak “gogor” salatu du “Alderdi Popularrak eta Juan Antonio Extremerak, senide batzuen sufrimendua etekin politikoa lortzeko erabiltzea. Gatazka elikatzen dute, eten gabean intoxikazio mezuak eta kanpaina mediatikoak bultzatuz, onura politikoen bila”. Etxarri Aranazko EH Bilduk “sufrimenduen irakurketa partziala eta partidista egitea” salatu du: “gurean, zoritxarrez, hildakoen memoriarako sinboloetan hainbat eta hainbat eraso egoten dira: Otsoportilloko leizean behi baino gehiagotan agertutako heriotza-mehatxuak; Mikel Arregiren monolitoari jarritako lehergailua, desagertutako plakak, pintadak… Partido Popularrak ez ditu sekula salatu nahi izan”.