"Esaten didate, noiz sinistuko duzu idazlea zarela?"

E. Carreño eta E. Ruiz 2019ko eka. 7a, 13:09
Daniel Sanz 'Pintxo' 'Dena zekien gizona' eleberria eskuan duela. UTZITAKOA

Dena zekien gizona eleberria kaleratu berri du Dani Sanz idazlea, edo Pintxo Egurre taldeko abeslaria. Gaur, ostirala, 18:30ean, Leku Ona tabernan aurkeztuko du

Sakanarekin lotura dauka eleberriak, izan ere, Erkuden Aldasoro bat agertzen da. Egurre taldeko Joxe bateria joleari esker, Sakana Nafarroan ezagutu zuen lehenengo lekuetako bat izan zen, eta eleberrian agertu behar zela dio idazleak.

Azalean Egurre taldeko kamiseta duen gazte bat agertzen da. Zerikusia badu eleberriaren protagonistarekin, Imanolekin?
Protagonista parrandazale amorratua da. Argazki hori 2009an Lakuntzan ospatu zen Oinezean egina dago. Egurrerekin 22:30ean jotzeko esan ziguten eta aurretik Oinezean egon ginen. Alalerako argazki bat behar nuen eta betiko zalantzak agertu ziren. Ordenagailua garbitzen nengoela lagunaren argazkia ikusi nuen, kamisetarekin eta garagardo pote bat eskuan. Imanol pertsonaia tragikoa da, baina argazkiko momentuak bezalakoak bizitzen ere badaki. Baina une horiek tragediaren partea da. Pertsonaia poliedrikoa da. Hori da bere aurpegietako bat.

Euskaraz argitaratzen duzun lehenengo eleberria. Idazten duzun lehendabizikoa?
Bai. Euskaraz idazten eta argitaratzen dudan lehendabizikoa da. Teknikoki idatzi dudan laugarren eleberria da, baina lehendabiziko biak nerabetasuneko gauzak eta proiektuak dira. Kalitaterik eta mami handirik gabeko idazkiak. Gero Historia del mal izeneko eleberri beltza idatzi nuen erdaraz, argitaratuta dagoena. Euskaraz eleberri bat idatzi nahi nuen eta Dena zekien gizonarekin hasi nintzen. Behin idatzita zegoela kaxoi batean sartu nuen eta ez nekien zer egin: lehiaketaren batera bidali... Argitaletxeetara ere bidali nuen, eta ezetzak jaso nituenean nik neuk argitaratzea pentsatu nuen.

Eta salmenta ere ongi doa, ez?
Prozesu eta promozio guztia nire esku zegoenez, tirada hoberena zein zen erabaki behar nuen. 300 aleko tirada egitea erabaki nuen, eta gero gehiago eskatzeko aukera dago. Duela hilabete bat inguru beste 100 eskatu behar izan ditut. Eta ongi, pozik. Ez dakit zenbat egongo diren salduta, baina Elkarretik eskatzen jarraitzen dute. Etxarri Aranatzen eta Sakanan erostea uler dezaket, baina Bilbotik eskatzea? Nor erosten ari da? Eta asko saltzen ari da.

Sinisten duzu idazlea zarela eta liburu bat argitaratu duzula?
Nire laguna Amaiak, liburuaren zuzentzailea eta prozesu guztian lagundu didanak, beti esaten dit ea noiz sinistuko dudan idazlea naizela, salgai dagoela eta saltzen ari dela. Baina ez dakit nola bizi. Aurkezpenak ere oso jendetsuak izaten ari dira eta irakurketa taldeek ere esan didate irakurriko dutela. Berri onak dira.

Imanol Altuna Lasa Iruñean bizi da. Gertatzen zaizkion gauzak arruntak dira.
Imanol pertsona arrunta da, langileen semea jaioa, Iruñekoa, 1978ko belaunaldikoa eta gertatzen zaizkion gauzak normalak dira. Bizitza arrunta du: maitemintzen da, familian ezbeharrak suertatzen zaizkio... Baina trama sekulakoa da. Gauza arruntak dira, baina gauzak nola bizitzen dituen da kontua. Kutsu oso berezia du. Denetarik gertatzen zaio eta trama denbora guztian igotzen da. Ez dira aparteko gauzak, baina badago puntu oso berezi bat gertatzen zaiona bizitzeko moduan. Zailtasunak ditu gertatzen zaiona kudeatzeko. Bukaerari buruz ez dut ezer esango, baina tramak interesa mantentzen du denbora guztian. Emozioak eta sentimenduak muturrera eramaten ditu. Oso benetakoa da, gardena. Maitasun prozesu batek zer eramaten duen ikusten da. Eta irakurlearengan konexioa sortzen du. Jende askok esan dit hori.

Liburu nola amaituko zen bazenekin?
Ez. Idazleei egindako elkarrizketetan esan ohi dute sortu dute pertsonaia bizitza propio dutela eta bere haurrak direla. Nik pentsatzen nuen txorakeri bat zela hori, marketing hutsa. Baina nik ez nekien Imanolekin zer egin. Hainbat gauza argi neuzkan, nongoa zen, emozioak, benetakoa eta gardena zela, puntu tragiko batekin. Baina noiz bukatuko zuen eta nola ezin nuen jakin. Atera zen. Berak aukeratu zuen ibilbide naturala. Eta entzundako gauza guztiak esaten ditut nik orain.

Madrilgo euskalduna zara, euskaldun berria. Euskaraz edo gaztelaniaz pentsatu duzu eleberria?
Gaztelaniaz, dudarik gabe. Zaila izan da. Amaiak asko lagundu dit gauzak zuzentzen. Euskaldunb berria izateagatik nahik konplexuak izan ditut. Ez zela ona izango edo ez zidatela publikatzen euskaldun berria izateagatik. Baina Amaiak esaten zidan gezurra zirudiela horrelako liburu bat euskaldun berri batek idaztea. Akats gutxi batzuk baino ez zeudela, eta dena gorriz zegoen. Baina publikatu dut eta jendea erosten ari da. Gauza txarragoak ikusi ditut publikatuak.