"Aimarren kontra lehenengoz aritzea eta irabaztea… poz handia izan da"

Maider Betelu Ganboa 2019ko eka. 28a, 11:38

Sanferminetako lau t'erdiko sorpresa da etxarriarra. Victor, Laso eta Olaizola II.a bidean utzi eta gero, larunbatean Arola izango du aurkari finalerdietan, Barañainen

Sanferminetako lau t’erdian txapelketa bikaina egiten ari da Joanes Bakaikoa etxarriarra. Victor Esteban, Unai Laso eta aurreko larunbatean Aimar Olaizola utzi zituen bidean. Asteko sorpresa, ezusteko gonbidatua… denetariko titularrak eman ditu. Berarekin egon gara.

Egunero ez dio batek Aimar Olaizolari irabazten, ezta?
Ez... Oso egun polita izan zen larunbatekoa; txikitatik amesten nuen, bere kontra gutxienez noizbait jokatzea. Bere kontra lehenengo aldiz aritzea eta irabaztea... poz handia izan zen.

ʺEzusteko gonbidatua festan”, Berriaren titularra, ʺJoanes Bakaikoa, dispuesto a seguir derribando puertas” Garakoa... makina bat titular eman dituzu.
Ez nuen pentsatzen Aimarri irabazteak horrenbesteko oihartzuna izango zuenik, baina esan bezala nik beste edozein partida balitz bezala jokatu nuen. Jende askok zoriondu nau eta hori poztekoa da, eta horrek animatzen nau hemendik aurrera lanean jarraitzera.

Hasieran urduri hasi zinen?
Bai, hasieran pixkat urduri nengoen; errespetu handia nion Aimarri eta banekien zaila nuela; Aimarren kontra jokatzeak lehenengo aldiz errespetu handia eragiten du. Uste dut Aimar egon den pilotari onenetako bat dela, historiako onenetako bat, lau t’erdian txapel gehien atera dituena bera da. Beraren kontra jokatzea oso berezia izan zen, eta beti oroituko dudan egun bat izango da.
Nire jokoa egiten saiatu nintzen  eta gustura sentitu nintzen egindakoarekin. Nik konfiantza dut nire buruan, kontziente nintzen partida oso zaila nuela baina nik horretarako lan egiten dut, horrelako partidak egiteko eta halako partidatan maila ona emateko. Ulertzekoa da jendeak sorpresa hartzea, Aimarren kontra irabaztea sorpresa izan zen, niretzako ere, baina horretarako lan egiten dut eta halako partidak jokatzen jarraitzeko lanean segituko dut.

Berez ez duzu jotze indartsurik baina oso arerio deserosoa zara, asko jokatzen duzu eta bere senetik ateratzen dituzu arerioak. Ekin eta ekin aritzen zaren pilotaria zarela diote. Zer deritzozu?
Orain arte hala tokatu da. Partida askotan, batez ere 2. mailakoetan, partida gogortzeak eta partida luzatzeak balio izan dit gehiegi arriskatu behar izan gabe partidak aurrera ateratzea. Baina 1. mailan beste joko bat egin behar da, agresiboagoa, eta joko mota hori ere egiten badakit. Horretara ailegatuko naiz. Ulertzen dut jendeak esatea ongi defendatzen dudan jokalaria naizela, orain arte hori demostratu dudalako, baina hemendik aurrera partida estuagoak izango dira eta badakit beste zerbait egin behar denean hori ere egiten badakidala. Badakit errematatzen ere.

Nafar batendako sanferminetako lau t’erdia egon daitekeen torneo kuttunenetakoa da. Finalerdietan larunbatean Artola duzu aurkari Barañainen. Nola ikusten duzu?
Lehenengo urtea da sanferminetako lau t’erdia jokatzen dudala eta oso pozik nago orain arte egindakoarekin, baina behin finalerdietara iritsita ilusio handiarekin nago eta konfiantza gainezka. Larunbatean nire partida egiten saiatuko naiz . Badakit oso partida zaila izango dudala, Iñaki Artola egun pilotari onenetakoa baita; azkeneko bi partidak Urrutikoetxeari eta Bengoetxeari erraz irabazi dizkio, momentu onean dago, eta badakit oso partida zaila izango dudala.
Saiatuko naiz hasieratik lasai ateratzen, nire jokoa egiten eta batez ere pilotari abiadura ematen. Lau t’erdian oso garrantzitsua izaten da tantoan iniziatiba hartzea, batez ere erasoan dagoenak irabazita asko izaten du, eta defendatzea zaila izaten da. Uneoro defendatzen bazaude seinale txarra izaten da. Saiatuko naiz ahal den heinean pilotari abiadura ematen eta ahal den denbora guztia dominatzen egoten.

Finalerako sailkatuko bazina, zer? Uztailaren 7ko eguerdia, Labrit, lau t’erdiko finala: sekulako festa izaten da...
Oraindik ez naiz iritsi, baina amets bat litzateke. Saiatuko naiz ahal den guztia egiten hor egoteko.  Txikitatik joan izan naiz uztailaren 7an Labritera finalak ikustera eta urteko egun garrantzitsuena agian ez, baina bereziena izaten da pilotari batentzat. Kantxan egotea kristona litzateke, gauza handia.

Eta beste finalerdian Ezkurdiak Altunari irabaziko balio, a ze sanferminetako lau t’erdiko finala izango genuke, bi sakandarren artekoa...
Bai, ikaragarria izango litzateke. Txapelketa hasi aurretik ez dakit norbaitek hori pentsatuko lukeenik, eta orain oso zaila dago, baina aukera egon badago eta oso polita litzateke bai guretzat, sakandarrondako eta bai jende guztiarendako.