Dena prest igandean Hartzabalera igo eta jaisteko

Guaixe 2019ko urr. 4a, 12:22

44. Mendira Joan Etorria jokatuko da igandean Etxarri Aranazko ferietan, goizeko 11:00etatik aurrera. Aurretik eman daiteke izena, edo egunean bertan

Etxarriko ferietako klasiko bat da Mendira Joan Etorria. Aurten lasterketaren 44. edizioa jokatuko da eta antolakuntzan aldaketa eman da. “Lehen Udaberrikoek antolatzen zuten proba, baina talde berak urte asko zeramatzan antolakuntzan, eta aurten taldea berritu eta zabaldu dugu. Sei kide gaude antolakuntzan eta horietatik 2 dira Udaberri elkartekoak; gainontzekoak ez” adierazi du antolaketan dabilen Joana Lopez korrikalari etxarriarrak Beleixe irratian (07.3 FM). Etxarri Aranazko Udalaren eta herriko eta inguruetako hainbat entitate, komertzio eta tabernen babesa dute proba antolatzeko. 

Garai bateko apustu baten harira 1976. urtean jaio zen Etxarri Aranazko lasterketa hau. Aurten 44. edizioa jokatuko da, eta Euskal Herriko lasterketarik beteranoetariko bat da. 

orrikalariak goizeko 11:00etan abiatuko dira Etxarri Aranazko plazatik. Erronka Bargara igotzea da, pago eta haritz artean, Hartzabaleraino, maiatza jartzen den tokira hain zuzen (1.065 m). Jaitsiera bide berdinetik egiten da. Probak guztira 10 kilometro ditu, eta 572 metroko desnibel positiboa.
asterketa Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako puntuagarria da. 

Lopez: “Lasterketa motza da, baina malda handiko aldapak dituena”
Probako zein eguraldi den egokiena galdetuta, Lopezek dio eguraldi “ona” egotea ez dela berdin ikusleendako edo korrikalariendako. “Lasterketa motza da, baina aldapak malda handikoak dira. Lokatza dagoenean, behera jaisterakoan mantsoago zoaz, baina lehorra badago, azkar-azkar. Bero egiten badu, nabaritzen da. Beraz, egokiena eguraldi freskoa baina zoru lehorra da” gaineratu zuen Lopezek. Eguraldi iragarpenak tenperatura epelak baina akaso euri tantaren bat iragartzen du iganderako. Hala beteko balitz, korrika egiteko bikaina. 

Izena ematea zabalik
Aurretiazko izena ematea zabalik dago www.rockthesport.com web gunean urriaren 5eko, larunbateko 22:00ak arte (10 euro). Bestela, egunean bertan eman daiteke izena, Etxarri Aranazko plazan, goizeko 10:30ak arte (15 euro). Aritzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da. Dortsalak 09:00etatik 10:00etara banatuko dira udaletxeko estalopean. “Normalean 100 korrikalari inguruk parte hartzen dute. Aurten lasterketa garrantzitsua dago igandean Pirinioetan, Sky Pirineu Ultra, eta puntako korrikalari asko bertan izango dira. Horregatik, parte-hartzean nabarituko dugu, baina inguruko korrikalari asko hurbiltzen dira Etxarrira” zioen Lopezek. Izan ere, lasterketa polita da Etxarrikoa. “Bertan parte hartzera animatzen dugu jendea. Lasterketa polita da eta giro oso polita egoten da. Bukaeran korrikalariendako auzate ederra egoten da, sariak, herriko komertzio eta enpresek emandako produktu bikainekin osatutako loteen zozketa… Jendeari asko gustatzen zaio Etxarriko lasterketa, feriak direnez giro oso ona egoten delako” nabarmendu zuen korrikalariak. 

Sari ematea plazan eginen da. Lehendabiziko gizon eta emakumeek 150 euro, txapela eta trofeoa jasoko dituzte, bigarrenek 100 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 50 euro eta trofeoa. Bestalde, lehendabiziko hiru gizon eta emakumezko etxarriarrek trofeoa jasoko dute. Lehen beteranoendako ere sari berezia egingo da. Eta bertako produktuekin prestatutako loteak zozketatuko dira. 

Errekorra apurtuz gero, 300 euroko saria
Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorriko gizonezkoen errekorra 2001ean ezarri zuen Juan Mari Garinek (42:50), eta emakumezkoena Virginia Perezek (52:18), 2016an. “Garinen errekorra apurtzea oso zaila da, sekulako denbora delako, denbora oso ona. Emakumezkoetan, ordea, uste dut errekor hori gainditu ahal dela. Orain jendea geroz eta gehiago prestatzen da, eta errekor bat apurtzea beti da handia, tartean sari erakargarri bat badago, are gehiago” nabarmendu zuen Joana Lopezek. 

Iaz 43 korrikalarik osatu zuten 43. Mendira Joan Etorria, eguraldia fresko eta tarteka euria ari zuela. Horietatik 48 sakandarrak ziren. Beñat Katarain lakuntzarra (45:30) eta Izaskun Sanz (59:41) gailendu ziren, azken hau Joana Lopez etxarriarrari 2 minutu pasa aterata (1:01:45).