Toki-izenak jasotzen dituen liburuaren aurkezpena

Guaixe 2019ko abe. 17a, 08:55
Aurkeztuko den liburuaren azala.

Gaur, 19:00etan, kultur etxean. Ondoren auzatea izanen da. 

Etxarri Aranazko toponimia edo leku-izenak jasotzeko lana Jose Luis Erdozia Mauleonek abiatuta zuen. Baina Etxarri Aranazko Udaleko Euskara Batzordeak 2012an egindako plangintza zabaleko lan-ildoetako bat bilakatu zen. Hortik etorri zen lantalde bat sortzea, bilketa egitea eta, Euskaltzaindiaren oniritzia jaso ondoren, leku-izenak ofizialtzea. Azken hori garagarrilaren 21eko 193/1993 Foru Dekretuaren bidez. Etxarritik sustatuta, oraingoak Nafarroako Gobernuak haiek biltzen dituen liburua argitaratu du: Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo. Egungo toponimia ofiziala

Erdoziak berak idatzi du liburua. Herriko dermioko 445 toki-izen ofizial jasotzen dira bertan, haietatik 228 toponimo nagusiak dira eta gainontzeko 157ak eratorriak. Izen ofizial bakoitzari honako informazio erantsi dio: herrian erabilitako beste aldaera batzuk, izenak oinarri duen dokumentazioa, izenari buruzko iruzkina, informazio osagarria eta toponimo bakoitzaren GPS-kokapena.

Liburuaren aurkezpena eginen da gaur eta bertan izanen dira Erdozia eta Toponimia Batzordeko kide den Eneka Maiz. Haiekin batera, Silvia Marañon alkatea, Euskaltzaindiako ordezkari bat eta Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria.