"Toponimoak ofizialtzea lan polita izan da"

Guaixe 2019ko uzt. 28a, 13:01
Toponimia ibilaldietako bat.

Etxarri Aranazko toponimia ofizial bihurtu zen garagarrilaren 21eko 193/1993 Foru Dekretuaren bidez.

Etxarri Aranazko Udalak berak sustatutako ikerketa proiektu baten ondorioz, udalak eskatu zuen Etxarri Aranazko toki izenak, toponimo xeheak, berrikustea eta eguneratzea. Lan hori eginda, Euskaltzaindiak derrigorrezko txostena egin zuen. Eta, azkenik, Nafarroako Gobernuak ontzat eman zituen. Ondorioz, Etxarri Aranazko toponimo xeheen izen ofiziala zehaztuta gelditu da. Eneka Maiz Ulaiar Etxarri Aranazko Toponimia Batzordeko kidea da.

Zergatik ofizialdu ditu udalak Etxarri Aranazko toki izenak?
Herriko toponimoak zenbait dokumentutan jasota zeuden. Jose Luis Erdozia Mauleonek, lantalde batekin, aurretik jasota zeuzkan. Azkeneko dokumentua, osoena, 2001ekoa da. Hori osatzeko eta ofizialtzeko beharra ikusi genuen.

Zenbat toponimo diren badakizu?
405 toki izen jaso dira, 283 toponimo nagusi (Altziturrieta) eta 122 eratorri (Altziturrieta bidea, Altziturrietandi, Altziturrietatxiki).

Nolakoa izan da prozesua?
2012 aldera, Euskara Batzordeak hainbat hanka zeuzkan plangintza egin zuen, eta bat toponimia osatzeko eta ofizialtzeko lana zen. Hori egiteko udalak adituak izan zitekeen jende talde bat deitu zuen.

Zeinek osatu duzue batzordea?
Lan nagusia Erdoziak egin du. Berak, batetik, Etxarriko toponimia oso ongi ezagutzen du. Bestetik, filologoa da, eta toponimian aditua. Gero basoa ongi ezagutzen duten pertsona batzuk informatzaile aritu dira: Esteban (2016an hil zen) eta Domingo Mundiñano, batzordeko helduenak eta ekarpen handia egin dutenak; Juan Jose Ijurrak toponimo bakoitza geolokalizatu egin du; Jesus Razkin eta Joakin Anso. Administrazio eta koordinazio lana, ofizialtze prozeduretako bideak lantzen eta laguntzen Amaia Ijurra, Felix Altzelai, Aingeru Mikeo eta ni aritu gara.

Nola antolatu zineten?
Lan talde emankorra izan da, ez bakarrik toponimia jaso eta ofizialtzeko, beste lan batzuk ere egin dira. Aurreneko bilera 2013an egin zen. Toponimia biltzeko 12 bilera egin dira. Hasteko, lehendik bilduta zeuden toponimoak aztertu ziren. Horiek osatu, zuzendu, egokitu eta aberastu egin ziren. Dexente osatu dira, eta gehiago ekarri dira. Ondoren, Euskaltzaindiak ofizialtzeko eskatzen dituen arauetara egokitu dira. Artxiboak eta bibliografia ere begiratu da, toponimoak dokumentu idatzietan zein isla duten ikusteko. Udalak batzordearen proposamena bere egin zuen eta Nafarroako Gobernuari toki izenak ofizialtzeko eskaera egin zion. Euskarabideak Euskaltzaindiari txostena eskatu zion. Akademiak egindako proposamena aztertu zuen. Gauza bat edo beste aldatu edo egokitu behar izan zen eta ontzat eman zuen. Eta gobernuak ofizialtzat eman zuen. Zazpi urteko prozesu luzea izan da.

Halakorik beste herriren batean egin da?
Bai. Erreferentziaren bat edo beste badaukagu. Baina halako talde transbertsala, zabala, udalarekin batera… Aipatzekoa da Etxarrin egin den lana. Prozesu oso polita eta aberasgarria izan da.

Behin ofizialduta, zer eginen da?
Banaka geolokalizatu egin dira. Egin den gauza garrantzitsu bat aipatu behar da: udalak daukan katastroko mapa ofizialean partzelek zenbaki-kodea izateaz aparte, orain partzela bakoitzak erreferentziazko toponimoa ere daukate. Ofizialtzeak ekartzen du Nafarroako Gobernuaren Tracasa plataforman toponimo ofizial guztiak egotea, hau da, mapa ofizialetan Etxarriko toki izenak agertzen direla, datu guztiekin. Basozainendako, suhiltzaileendako edo GPSak lagunduta paseo bat eman nahi duenarendako baliagarria da.

Lan guztia egiten zen bitartean, nahikoa emankorra zenez eta motibatuta geundenez, zenbait lan paralelo egin ziren: toponimoak harrian tailatu ziren eta harri horiek zegokien 20 toki enblematikoetan jarri ziren, 2012an; toponimia zer den, zertarako balio duen eta balioa emateko ikastaroa egin genuen; Etxarriko toki izenei buruzko prestakuntza zabala izan zen herritarrendako eta 2013an toponimia-ibilbideak egiten hasi ginen, urtero bat edo bi egiten dira, udaberrian eta udazkenean, Erdoziak gidatuta. Behin toki izenak ofizialduta, jasotako dokumentazioa bertan jasoko duen liburua ateratzea da asmoa. Ea aukera dugun.