Elkartasun jaialdiaren bosgarren urteurrena

Guaixe 2020ko urt. 10a, 12:43
'V. Zama doinuz arindu' aurkeztu zuten urte amaieran.

'Zama doinuz arindu' elkartasun kontzertu akustikoa izanen da etzi, igandean, Etxarri Aranazko kultur etxean. Bi amanaldi eginen dituzte "goi mailako" hamaika musikariek; 17:00etan eta 19:30ean. Musika jaialdi bat baino gehiago da.

"Zoritxarrez jaialdi hau egiteko arrazoiak baditugu oraindik". Zama doinuz arindu musika jaialdiaren 5. edizioa izanen da  igandean, ilbeltzaren 12an, 17:00etan eta 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean. Kontzertuaren helburua "euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta ematen diren hainbat eskubide urraketen zama arintzea da". Mikel Mundiñano Zato Zama doinuz arindu jaialdiaren antolatzailea: "Aldi berean, urtetan luzatu den gatazkaren konponbidean urratsak ematearen aldeko mezua zabaltzea". 

Etxarri Aranatzen "betidanik" herri bizia izan dela esan du Mundiñanok. "Betidanik elkartu gara auzolanean eta, mota bateko zein besteko ekimenak izanik ere, herritarren arteko elkarlanean oinarritu izan dira gehienak".Modu horretan hainbat ekimen eta proiektu aurrera eraman dituztela azaldu du. "Pozgarria da gurea bezalako herri txiki atean". Hortaz, herriko "izena eta izana" zabaldu dutela esan du. Etorkizuna norabide horretan oinarritu behar da, Mundiñanoren hitzetan: "Badakigu herri honek asko sufritu duela eta sufritzen jarraitzen duela oraindik. Urtetako gatazkak itxi gabeko zauriak utzi ditu. Zauri horiek ixtea guztioi dagokigu, guztion artean elkarbizitza hori eraikitzeko".

Azken urteetan, "urrats batzuk" eman direla esan du Mundiñanok, "ez nahikoak, oraindik sufrimendu hor dagoelako". Beraz, "elkarbizitza eta bakerako norabide horretan presoen korapiloa askatzeko" bide horretatik sortu zen Zama doinuz arindu elkartasun jaialdia duela bost urte hainbat herritarren "ilusioarekin eta esfortzuarekin". Gaur egun, zazpi etxarriar daude momentu honetan espetxean eta "haien giza eskubideak urratuak izateaz gaien, senideenak eta lagunenak ere urratuak dira etengabe". 

Zama doinuz arindu jaialdiak "euskal presoek pairatzen duten espetxe politikaren eta eskubide urraketaren" inguruko gai bat jorratu eta salatu izan du. Aurtengo jaialdia "aldatu nahi" izan dutela azaldu du Mundiñanok, eta kontakizun edo gai bakarra landu beharrean, Etxarri Aranatzen "falta diren" zazpi herritarren bizipenetan oinarritutako "hainbat kontakizun azalduko dira". Espetxe politikaren ondorioz ematen diren eskubide urraketen "salaketa" eginen dela esan du antolatzaileak. 

Artistak
Izen eta kalitate handiko eta estilo desberdinetako musikariak parte hartu dute orain arteko lau edizioetan. Besteak beste, Esne Beltza, Oreka TX, Ruper Ordorika, Vendetta, Tapia eta Leturia, Su ta Gar, Fermin Valencia, Gorka Urbizu... baita herriko artistek ere. Aurten Anari, Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Juantxo Skalari, Esti eta Mikel Markez, Anita Parker, Haimar Arejita eta Keu Agirretxea, Bad Sound eta Rotem XIII musikariek parte hartuko dute. Jaialdia akustikoa da, eta abeslari bakoitzak bi kantu eginen ditu.  Gainera, musikariak ez ezik, jaialdiaren kontakizunetan laguntzeko Juantxo Arakama Glaukoma taldeko abeslaria, Aitor Merino aktorea eta Jon Maia bertsolaria izanen dira, arte eta diziplina anitzeko jaialdia bihurtuz: "Berezia izanen da". 

Kartela osatzea "kostatzen" dela aitortu du Mundiñanok: "Ekimena planteatu genuenean ez genuen uste honaino iritsiko gineik". Musikariak elkartasunagatik datoz, eta "egun luzea" izaten dute aurretik: soinu frogak, bazkaria eta bi emanaldi jarraian. Kalitate handiko jaialdia egiten dutela diote ere jaialditik pasa diren artistek. "Pozik joaten dira etxera". Jaialdia egiteko arrazoiekin bat egiten dute, eta "haien ekarpenak pozik uzten dituzte". Musikariak "zaintzeko eta gustura egon" daitezen egiten duten "ahalegina" aipatu du Mundiñanok. 

"Xumea" bada ere bere "lekua" egin duen jaialdia dela esan du Mundiñanok. Aurreko lau edizioetan sarrera guztiak agortu dira eta aurten ere aldizkaria honen edizioa itxi aurretik sarrera gutxi gelditzen ziren. Bosgarren edizioa izanen da biharkoa, eta "preso, iheslari eta deportatuen korapiloa" askatzen ez den bitartean "zama arintzen" jarraituko dutela esan du etxarriarrak.