Orain Jon Gurutz lan-taldeak manifestazioa egin zuen

Guaixe 2020ko urt. 9a, 21:09

Larriki gaixo dauden presoen etxeratzea eskatu zuten Etxarri Aranatzen. @SareEtxarri

"Gaixotasun larri eta sendaezina espetxe batekin ez da bateragarria", gaztigatu zuten abenduaren 27an egindako manifestazioan.

Lannemezango espetxean (300 km-tara) preso eta larriki gaixo dagoen Jon Gurutz Maiza Artolaren askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa egin zen Etxarri Aranatzen abenduaren 27an. Orain Jon Gurutz lan-taldeko kideek adierazi zutenez, “konponbidean pausoak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du. Eta bide horretan gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoak etxeratzea urgentziazkoa da”. Larriki preso dauden 21 presoak kalean egon behar dutela aldarrikatu zuten Etxarri Aranatzen. “Pertsona horien osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria eta mendeku hutsa besterik ez dira”. 

“Konponbidean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan pausoak emateko guztiok batera bulkatu behar dugu”. Eta, bide horretan, larunbatean, 17:00etan, Bilbon eginen den manifestazioan parte hartzera deitu zuten. Sarek deitu du mobilizazioa eta Orain presoak leloa du.