Pala

Irati Igoa, Sakanako txapelduna

Guaixe 2020ko urt. 10a, 11:09

Abenduaren 28an Gure Pilota XV. Sakanako Nesken Pala Txapelketako finalak jokatu ziren Etxarri Aranatzen, eta Irati Igoa etxarriarra eta Uxue Murillo gailendu ziren elite mailan

Azaroaren 30ean hasi zen Sakanako Mankomunitateak eta Etxarri Aranazko Gure Pilota elkarteak antolatutako XV. Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoa. Helduen mailan Euskal Herriko palista onenak lan egiten ikusteko aukera izan genuen, eta gaztetxoen mailan Sakanan eta bereziki Gure Pilota elkartean trebatzen diren neskak lehiatu ziren. Partidak Etxarri Aranatzen, Arbizun eta Olaztin jokatu ziren, eta lau jardunaldi jokatu eta gero, bikote onenek final handiak izan zituzten jokoan abenduaren 28an, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. 

Sakanako txapelketan aritu diren palistak punta-puntakoak direnez, finalak ere halakoak izan ziren. Aipatzekoa da pilotari guztiek besoan zinta beltza zutela jokatu zutela, auto istripuz zendutako Pablo Azcona palista, eta trinketeko pilotari gaztearen omenez. Kategoria txikietan oso borrokatuak izan ziren finalak, eta Mireia-Iraia, Aizeti-Lexuri, Uxue-Maialen eta June A.-Julene izan ziren txapeldunak. Helduetan, promozio mailan Olatz Zulaikak eta Naroa Otxoak Ekhiñe Balerdi eta Paula Gorostiaga izan zituzten aurkari, eta finala oso estua izan zen. Azken unera arte ez zegoen jakiterik nor gailenduko zen. Emozio handiko finalean, azkenean Balerdik eta Gorostiagak lortu zuten txapela, 3 tanto eskasengatik (27 eta 30). 

Txapel nagusia Etxarrin
Elite mailako finalean Amaia Irazustabarrenaren eta Leire Azanzaren kontra aritu ziren Uxue Murillo eta Irati Igoa etxarriarra. Irati Igoak esana zuen Sakanako txapela “oso garesti” zegoela, baina etxekoa lortzeko “ahalegin guztiak” egingo zituela eta horrela izan zen. Kasu honetan Murillo eta Igoa Irazustabarrena eta Azanza baino gehiago izan ziren, eta bikain jokatuz alde gehiagoko garaipena lortu zuten, 20 eta 30. 
Bukaeran, palistek eta antolatzaileek, Gure Pilota elkarteko Miguel Aristorena arduradun eta antolatzaile handia tartean, bazkari ederrean bildu ziren, Larrañeta elkartean. 

Irati Igoa: “Ederki ospatu genuen txapela”
Irati Igoa Sesma oso kontentu dago Sakanako Pala Txapelketa irabazi izanagatik. “Finala oso ongi joan zen. Hasieratik partidan sartuta ibili ginen Uxue Murillo eta ni, eta gero partida guztian barna oso eroso ibili ginen. Partida zaila eta gogorra izango zela espero nuen, eta hala izan zen, egia esan, baina tantoak egiten joan ahala, ohartu ginen geroz eta gertuagoa geundela garaipenetik. 20-8 jarri ginen Amaia Irazustabarrenaren eta Leire Azanzaren aurretik, eta alde horrekin arriskatzeko aldea duzu. Horrela, arriskatzerakoan pilota batzuk gora joaten ziren, beste akats batzuk etorri ziren... Eta egia esan ez nuen 10 tantoren diferentzia espero, baina 20 eta 30 irabazi genuen eta oso pozik nago” azaldu digu Iratik. 

Txapela primeran ospatu zutela gaineratu ditu etxarriarrak. “Bazkari ederra egin genuen eta gero Hatortxu Rocken bikain ospatu genuen. Txapela, kopa eta Decathlonen 125 euroko deskontua irabazi nuen, sari polita. Aurretik beste 6 txapel ditut Sakanako Pala Txapelketan, hainbat kategorietan. Iaz kanporatu ninduten eta duela bi urte txapeldunorde izan nintzen; beraz, aurten irabazi izanak izugarri poztu nau” aipatu digu. Orain, palan atsedenalditxoa hartuko du. “Master Cupean pilotan aritzeko apuntatzear egon nintzen, baina palarekin eta futbolarekin bat egiten duenez, ezin izan dut izena eman. Palan atseden txikia hartu eta gero Nafarroako Trinkete Txapelketan hasiko gara, eta ondoren Nafarroako Pala Txapelketako 2. faseari ekingo diogu” gaineratu du palista etxarriarrak. 

Bitartean, futbolean buru belarri jarraitzen du Iratik, Espainiako Emakumezkoen Futbol Ligako 1. Maila Nazionaleko 2. multzoan, Mulier taldean. “ Futbolarekin topera nabil. Gabonetan entrenatzen egon gara eta Eguberrietako atsedenaldiaren ondoren larunbatean hasiko da berriro liga. Sailkapenean 10.ak gara eta larunbatean partida konplikatua dugu Oiartzun Kirol Elkartearen kontra, 18:00etan, Oiartzunen. Ea zer moduz hasten den bigarren buelta” aitortu digu. 


Sakanako Pala Txapelketako finalak
Promozioa:
Olatz Zulaika-Naroa Otxoa 27 / Ekhiñe Balerdi-Paula Gorostiaga 30
Eliteak:
Amaia Irazustabarrena-Leire Azanza 20 / Uxue Murillo-Irati Igoa 30
Gaztetxoak:
Mireia-Iraia 18 / Arhane-Nahia 16
Izadi-Aitzara 14 / Aizeti-Lexuri 22
Uxue-Maialen 25 / Haizea-Elene 16
June A.-Julene 25 / Olaia-Irati 13