1. Larunbatean San Kiriko eguna ospatuko duzue Etxarri Aranatzen, patroiaren eguna, eta 16an San Adrian, biak egun handiak. COVID-19aren eraginez aurten modu ezberdinean ospatuko dira festak.
Egoera berezia da, baina guk ez dugu horrela aukeratu, horrela etorri da eta garrantzitsuena gure osasuna da. Esaten digutena egin behar dugu eta horregatik modu ezberdinean ospatuko ditugu festak. San Kiriko egunean koadrilak merendatzera biltzen dira. San Adrian eguna koadrilan ospatzen dutenak badaude, baina normalean familia bazkariak eta ospakizunak izaten dira.
2. Lizarran bizi zara, baina San Adrianen ez omen duzu huts egiten.
22 urte daramatzat Etxarritik kanpo, baina San Adrianera urtero etortzen naiznator. San Kirikora ere etorriko nintzateke, baina lanean bi egun festa ez eskatzeagatik, garrantzitsuago da niretzat San Adrian eta urtero etortzen naiz. Ez naiz inoiz falta izan.
3. San Adrian egunerako piperropilak prestatzen omen dira. Zuk beti ezagutu al duzu ohitura hori?
Bai, txikitatik ezagutu izan ditut San Adrianen piperropilak eta gure mahaian ez dira inoiz falta izan. Etxarriar askok prestatzen dituzte piperropilak. Nik uste dut gero eta gehiago egiten direla. Aurten udalak errezeta jaso du eta etxarriarrak piperropilak egitera animatu ditu bando bidez. Nik uste dut ohitura hau ez dela galduko; alderantziz, gero eta gehiago egiten dela uste dut.
4. Nolakoak dira artiedatarren mahaian jaten diren piperropilak? Zuenean nork egiten ditu?
Belaunaldi berriak hasi gara piperropilak egiten. Garai batean nire amiñek eta bere ahizpek egiten zituzten; guztiak elkartzen ziren eta denendako prestatzen zituzten. Baina zahartzen joan ziren eta esan zuten lan asko zela familia guztiendako piperropilak egitea. Orduan aitak erabaki zuen izeba Barbarari eta amonaren lehengusu Pilarri errezeta eskatzea eta euren errezetarekin egiten ditugu piperropilak, aitak eta biok. Nire aitaren gainontzeko anaiek ere errezeta eskatu zuten eta orain batek denontzat egin beharrean bakoitzak egiten du bere familiarendako.
5. Zuen familiako mahaian zenbat biltzen zarete San Adrianen?
Ba ez dut sekula kontatu, baina 40 inguru. Nire aitaren aldetik bost anaia dira, eta pentsa, guztien seme-alabak, bilobak... asko elkartzen gara. Guztiendako piperropilak egitea gehiegi zen, eta orain bakoitzak gureak ematen ditugu eta guztien artean konpartitzen ditugu. Bakoitzak bereak egiten dituenez, partitu egiten ditugu eta piperropil ezberdinak probatzen ditugu. Eta ondoko mahaietakoekin baita ere.
6. Piperropilak egitea zaila da?
Errazak dira egiteko, ez dauka sekretu handirik. Izeba Barbara bi urtez arituegon zen guri laguntzen. Masa probatzen zuen eta esaten zigun: “azukre pixkat gehiago gehitu...”, edo “beste arrautza bat gehitu”. Badakizu, lehengo emakumeak nolakoak ziren: “honetatik pixkeet bota” eta inoiz ez dakizu errezeta batean hori zehatz eta mehatz zenbat den (kar, kar…).
7. Zeintzuk dira osagaiak?
4 arrautza oso, 8 gorringo, kilo bat azukre, kilo bat irin, limoi esentzia goilaratxo bat, anis kopa bat, Armisen sobre erdia eta koloretako txotxoak, piperropilak apaintzeko. Armisen gasifikatzaile bat da, kolore hori eta txuria duten paketetxoak. Nik orain ez diot botatzen.
8. Nola egiten dira piperropilak?
Osagai guztiak eltze batera bota eta guztia ongi nahastu behar da, etengabe eraginez. Ez da ordena jakinik jarraitu behar. Masa egin ondoren, pausatzen utzi behar zaio. Guk gauean egiten dugu masa, eta hurrengo egunean egiten ditugu piperropilak. Labea 180 gradutan dagoela, 25 minutuz egiten dira piperropilak. Anisa eta limoiaren zaporea dute. Ez dira bizkotxoak bezain bigunak, gogorragoak dira. Masa oratzen duzunaren arabera, batzuetan bigunagoak eta bestetan gogorragoak ateratzen dira. Etxarriar guztiak animatzen ditut piperropilak egitera. Errazak dira egiteko, ez dago sekretu handirik eta oso goxoak dira.
9. Piperropil lehiaketa egitea proposatu beharko diozue udalari.
(Kar, kar…). Ideia ona da, bai!
10. Garai batean neskek gustuko zuten mutilari oparitzen omen zizkioten piperropilak, hala esan digute.
Nik ez dut hori sekula entzun, ez dakit. Hara, zerbait berria ikasi dut, ez nekien.
11. Aurtengo San Adrianetan zer egingo duzue? Piperropilak egingo dituzue?
Piperropilak egingo ditugu bai ala bai, ezin dira San Adrian egunean falta! Oraindik ez dugu hitz egin, baina nik uste dut gurasoen etxean ospatuko dugula, nire anai- arrebekin. Ezin gara guztiak elkartu, kopuruz pasatzen garelako. Pena da, baina… aurtengoa egoera berezia da eta herrian geldituko gara. Heldu denurrengo urtean gogo handiagorekin bilduko gara.