Gaur eta astelehenean, 20:00etan, Etxarri Aranazko txistulariek kalejira eginen dute pertsonen arteko distantzia mantenduz. Bezperan egindako kalejira horiekin gogorarazten da bihar San Kiriko dela eta asteartean San Adrian. Baina COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemiak bertan behera utzi ditu bi ospakizunak. Txistulariak aterako dira, baina Etxarri Aranazko Udalak arduraz jokatzeko eta jende pilaketak ekiditeko txistularien atzetik ez joatea gomendatu du.
Udalak iragarrita zuen bi festa egun horietarako egitarau sinbolikoa prestatuko zuela. Bi ospakizunetan ardoak duen presentzia zein den jakinik, udalak 18 urte baino gehiago duten etxarriarrei botila bana ardo oparituko die oroigarri gisa. Ardo banaketa hori San Kiriko egunean eta San Adrian egunean izanen da, 09:30etik 11:30era, plazan. Udalak etxeetan utzi duen txartelarekin joan beharko da botilak jasotzera. Udalak guztira 1.008 litro 1.300 botilatan banatuta emanen ditu, Alcanadreko upategi bateko ardoa da banatuko dena.
Herriko ospakizunak bertan behera gelditu direnez, aurtengo kintoek ez dute dantzakirik dantzatuko San Kirikon, San Adrianen eta Ama Birjinaren egunean. Aurten dantzaki bakar bat dantzatuko dute, bihar, 11:30ean, plazan. Distantziak mantenduz dantzatuko dute dantzaki sinboliko hori. Kintoek heldu den urtean dantzatuko dute herriko dantza, 2021eko kintoekin batera. Azkenik, Etxarri Aranazko udaletik herritarrei gogorarazi diete “gizarte-urruntze neurriak mantendu eta osasun agintariek emandako gomendioak betetzeko guztien erantzukizuna”.