San Donato eskola proiektu pilotu baten partaide

Guaixe 2020ko uzt. 8a, 10:26

San Donato ikastetxe publikoa.

Emozio-hezkuntza heziketa esparruan garatzeko proiektu pilotuan parte hartuko du heldu den ikasturtean, Nafarroako beste 11 ikastetxerekin batera. Laguntza programaren helburua da hezkuntza komunitate osoan emozio-ongizatea sustatzea.

Foru Komunitateko hamabi ikastetxek parte hartuko dute datorren ikasturtean ikasgeletan heziketa emozionala lantzeko proiektu pilotuan. Tartean da Etxarri Aranazko San Donato eskola publikoa. Laguntza programaren baitan, ekimenaren helburua ikasleen, irakasleen eta ikastetxeetako komunitate osoaren emozio-ongizatea lantzea da. 

Hezkuntzako zuzendari nagusiak Laguntza Programaren 2020-2021 ikasturterako deialdia arautzen duen ebazpena onartu du, hezkuntza emozionala ikasgeletan sartzeko. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan tratu ona sustatzea da helburua. Proiektu pilotu hori hezkuntza-komunitate osoa barne hartuko duen eraldaketa-prozesu pedagogiko batean sartzea erabaki duten ikastetxeetan eginen da. 

Departamentuaren lehentasunezko helburua eskola-jazarpena eta ziber-jazarpena prebenitzea da. Horregatik, proiektuak jazarpenaren prebentzioaren kontzeptua gainditu nahi du, ekintza tratu ona sustatzera eta ikasgeletan emozio-heziketa garatzera bideratzeko, indarkeriazko jokabideetarako antidotorik onena den aldetik. Proiektu pilotuak aukera emanen du bizikidetzaren erregulazioan hezkuntza emozionalaren garapenaren inguruan tresna pedagogiko bat sartzearen emaitzak ebaluatzeko eta pixkanaka Nafarroako gainerako zentro guztietara zabaltzeko.

Lehen etapatik
Sozializazio-prozesuak eta interakzioak erregulatzeko prozesuak adin txikietan hasi behar dira; horregatik, proiektu pilotu hau Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan aplikatuko da. 12 ikastetxeek konpromisoa hartu dute eraldaketa-prozesuari jarraipena emateko, klaustro osoa pixkanaka inplikatuz eta irakasleak ikasleen arteko harreman orekatuak eta errespetuzkoak arautzera bultzatuz.

Hezkuntza Departamentuak eskoletara hezkuntza-baliabideak eramanen ditu, haien bizikidetza-maila hobetzeko, non tutoretza- eta laguntza-prozesu bat izanen den, jardunbide egokien garapena sustatuz. Proiektu pilotuaz ikastetxean arduratzeko talde eragileak eratuko dituzte Zuzendaritza Taldeko eta Bizikidetza Batzordeko kideek. Talde eragile hori izanen da hezkuntza-esparruan garatu beharreko prozesuaren buru, eta, horretarako, ikasgeletan, etapaka, hezkuntza-baliabideen multzo bat sartuko dute, 3 urtetik 11-12 urtera, Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte. Baliabide horiek emozio-hezkuntzaren inguruan bideratu eta sekuentziatuko dira, ikasleei beren emozioak ezagutzen, ulertzen eta modu asertiboan kudeatzen laguntzeko.

Era berean, ikasgeletan entzuteko eta gatazkak konpontzeko egiturak eta espazioak sortuko dira, irakasleek gainbegiratuta, eta ikasleei emozioak adierazten eta akordioak lortzen lagunduko zaie. Azkenik, ikastetxeek konpromisoa hartu dute emozio-hezkuntzaren garapena zeharkako ardatz bihurtzeko, curriculum-eduki gisa hartuta. Prozesu horretan guztian, zentroek adituen laguntza izanen dute.

Laguntza programa
Laguntza Programa Hezkuntza Departamentuaren apustua da, eta bat etorri nahi du Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Osorik Babesteko Lege Organikoaren proiektu berriarekin, tratu ona eta heziketa emozionala sustatzeko helburuarekin, bai eta emozio-konpetentziak eskuratzea eta gatazkak konpontzea sustatzeko helburuarekin ere.

Hurrengo ikasturtean, Nafarroa osoko ikastetxeetako 300 irakaslek baino gehiagok parte hartu dute ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko egituratutako Laguntza Moduluetako batean.