Pilota

Joanes Bakaikoa, Baikoko pilotarien sinatzaileen artean

Guaixe 2020ko ira. 16a, 11:08

Baiko Pilota enpresako pilotari gehienek agerraldia egin zuten atzo “egoera jasanezina” dela esateko. Enpresari eskatu zioten jarrera alda dezala, bestela mobilizazioak egiteko prest daudelako. Pilotarien elkarte bat sortuko dute

Baiko Pilota enpresako pilotari gehien-gehienek agerraldia egin zuten atzo Tolosako Beotibar pilotalekuan. 16 pilotari zeuden bertan. Joanes Bakaikoa etxarriarra eta Jon Erasun ere egotekoak ziren, baina Bakaikoari entrenamendua jarri zion enpresak ordu berean eta Erasun bakartuta dago COVID-19 dela eta. Haien tokia Baikok kontratua berritu ez dien Iosu Eskirozek eta Victor Estebanek hartu zuten. Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imaz ez ziren egon eta ez daude sinatzaileen artean. Mikel Larunbe ere ez zen egon, baina prentsaurrekoan plazaratu ziren helburuekin ados dagoela azaldu zuen. 

“Egoera jasanezina”
Oinatz Bengoetxea izan zen sinatzaileen agiria irakurri zuena, Jon Ander Albisu eta Ibai Zabala gertu zituela. Laburbilduz, “egoera jasanezina” dela nabarmendu zuen, eta aspalditik enpresak pilotariekiko hartu dituen hainbat jokabide “atsekabez” bizitzen ari direla. Nonbait, 2018an Asegarce desagertu eta Baiko sortu zenean hasi zen guztia. Jose Ramon Garaik hartu zuen zuzendaritza orduan. “Hortik aurrera hasi ginen aurretik bizi edo ezagutu gabeko egoerak jasaten”  nabarmendu zuen Bengoetxeak, eta hainbat adibide eman zituen. Pilotari bakoitzaren egoera ez dela inoiz kontuan hartu salatu zuen, enpresak lan saioak Bilbon eta Beasainen ezarri zizkiela, prestatzaile fisiko berarekin, eta pilotari askok konfiantzako prestatzaile, dietista eta fisioterapeutak alde batera utzi behar izan zituztela. Diru kontuen aldetik, enpresak ez omen die etxetik 50 kilometrora entrenatzeagatik diru-ordaina ordaintzen, eta aurrekontratuak dituzten pilotari gazteen lan baldintzak eskasak direla salatu zuten. Halaber, 23.000 euro gordinetik beherako kontratuak dituzten pilotariak daudela adierazi zuen, eta haiei “esklusibotasuna” eskatzen zaiela, hau da, ezin dutela beste tokietan lanik egin, eta hori ezin zaiela eskatu salatu zuten. Pilotarien eta kirol prentsaren arteko harremanak ere “debekatuta” omen dituzte. 

Nonbait, egoerak okerrera egin zuen martxotik aurrera, COVID-19tik aurrera, eta Eskirozi eta Victorri kontratuak ez berritzeak, inolako azalpen sendorik gabe, edalontzia bete zuen. 

Eskaerak
Horregatik guztiagatik, “egoera jasanezina dela, eta pilotaren onerako, aldatu egin behar dela” uste dute sinatzaileek. Eskaera zehatzak egin dituzte: Garaik jarrera aldatzea, eta enpresak hartutako zenbait erabaki berriro mahai gainean jartzea. Egoera berdinean jarraituz gero, “mobilizazioak egiteko prest” azaldu dira pilotariak. Bestetik, pilotari profesionalen elkarte bat sortzeko asmoa dute “egungo pilotariak eta datozen urteetan etorriko direnak babesteko”. Izan ere, pilotariak “babesgabe” sentitzen dira, eta uste dute “batu beharra dutela, elkartu, pilota profesionalaren munduko subjekturik ahulena, eta, aldi berean, garrantzitsuena babesteko: pilotaria”. 

Zalantzarik gabe, Baikoko pilotari gehienen iritziak pilotaren mundua hankaz gora jarri eta bazterrak nahastu ditu, baina elkartasun mezu anitzak jaso dituzte.