Joanes Bakaikoa

"Pilotarendako onena nahi dugu; gure jarrera elkarlanekoa da"

Maider Betelu Ganboa 2020ko ira. 18a, 13:45

Baikoko pilotari gehienek agiri bat sinatu dute euren egoera “jasanezina” dela aitortuz eta enpresari jarrera aldaketa bat eskatuz. Batuta daude, elkarlanerako jarrerarekin

Baiko pilota enpresako pilotari gehien-gehienek agerraldia egin zuten asteartean Tolosako Beotibarren, eta pilota munduko bazterrak astindu zituzten euren egoera “jasanezina” deila aitortu zutenean. Oinatz Bengoetxeak irakurri zuen Baikoko pilotari gehien-gehienek, Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek izan ezik, sinatu duten agiria. Sinatzaileen artean Joanes Bakaikoa pilotari etxarriarra dago. 

Baikoko pilotarien astarteko agerraldiak zeresan handia eman du.
Bai, egia esan gure egoera publiko egitea oso gutxitan gertatu izan da eta hala tokatu zen asteartean. 

Zuk ezin izan zenuen egon entrenamendua zenuelako, baina sinatzaileen artean zaude, ezta?
Bai, ez nintzen Tolosan egon entrenamendua jarri zidatelako, baina sinatzailea naiz. 

Laburbilduz, Oinatzek esan zuen Baikoko pilotarien egoera “jasanezina” dela, enpresak pilotariekiko hartutako zenbait erabaki “atsekabez” bizi izan dituzuela eta batez ere Asegarce desagertu eta Baiko enpresa sortu zenean hasi zela giro nahasi hau, Jose Ramon Garaik zuzendaritza hartu zuenetik, eta martxotik, COVID-19 birusaren pandemiatik, egoerak okerrera egin duela. Victorri eta Eskirozi kontratua berritu ez izanarekin edalontziak gainezka egin zuela gaineratu zuen Oinatzek, beste zenbait erabakirekin batera. Finean enpresari jarrera aldaketa bat eskatzen diozue pilotariek, hartutako zenbait erabaki birpentsatzea, egoera guztia bideratzeko. Aldaketarik ez badago mobilizazioak egiteko prest egongo zaretela azaldu zuen Bengoetxeak, eta pilotari profesionalen elkarte bat sortzeko beharra aipatu zuen. 
Hala izan da, gertatutakoaren laburpen ona da. Gertakari konkretuez asko hitz egin da, eta Oinatzek azalpen guztiak eman zituen asteartean, gure artean adostutakoak.

Normalean pilotariak oso diskretuak zarete, arazoak etxean konpontzearen aldekoak, eta hortaz, arazoak publiko egitea asko hausnartutako pausoa izango zen. 
Pilotari guztiak gure artean hitz egiteko momentua izan da hau. Egoera nahiko berezia izan da; COVID-19-aren ondorioz egoera berria izan dugu, inoiz ez da holako gauzarik gertatu, eta egoera honetan guztiak batuta egotea oso garrantzitsua da, bakoitzak besteari laguntzea. Batuta egotea erabaki genuen, eta enpresari uneoro eta modu onean, gure lankidetza azaltzea, gure ideiak helaraziz.  

Hau guztia nola bizi izan duzue? Lasaitua hartu duzue zuen egoera publikoa egiterakoan?
Aipatu dudan bezala, denbora honetan guztian guztiak hitz egiten egon gara eta erabakiak batera hartzen. Guztiok pentsatzen genuena esan dugu, eta, azkenean guztion artean erabaki bat hartzen saiatu gara. Batzuk gauza bat pentsatzen zuten, hori zela hoberena, beste batzuen ustez beste gauza bat zen hobea, eta azkenean gehiengoak zioenaren alde egin dugu. Kolektibo bat bezala funtzionatzen ari gara, denak batuta. Egoera zaila dela badakigu, denontzat, eta gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatzen ari gara. 

Asteartekoaren ondoren enpresaren aldetik erantzunik izan duzue?
Ez, oraindik ez. 

Bitartean pilotariek ohiko martxan jarraitzen duzue: entrenatu, partidak jokatu…eta hausnarketarako tartea utzi duzue. 
Bai, horixe da. Guk normal jarraitzen dugu; gure lana da, gure betebeharra, eta horretan segiko dugu, lanean. Hemendik aurrera zer gertatzen den aztertuko dugu eta zer egin erabakiko dugu, baina lanean, ahalik eta hobekien arituko gara. 

Zuen mezua barra-barra zabaldu zen sare sozialetan eta bestelako komunikabideetan. Elkartasun mezu ugari jaso dituzue, eta zuen ausardia goraipatu du katedrak. Zuek ere babes hori sentitu duzue?
Bai, eta eskertzen da. Guk, ez dugu gauza txarrik nahi, pilotarendako onena nahi dugu. Ez gara gauza txarrik eskatzen ari; badakigu egoera zaila dela, baina gauzak ahalik eta hobekien egin nahi ditugu; denontzat onena nahi dugu, egia esan. 

Enpresari pilota aurrera ateratzeko duen bokazioa aitortu zenioten agerraldian, eta garai zail hauetan aurrera egiteko hartutako erronka. Izan ere, pilotariak enpresarik gabe ere ezin zarete bizi, eta hori ere nabarmendu zenuten. 
Zalantzarik gabe. Gu ez gara egoskorrak, badakigu zein egoeran gauden eta denon artean lagundu nahi dugu, egoera ahalik eta hobekien joan dadin. Hori da gure helburua, gauzak ahalik eta hobekien egitea eta bakoitzak bere aldetik ahal duena jartzea. 

Oinatz Bengoetxeak esan zuen sarritan “babesgabe” sentitzen zaretela pilotariak. Berak aipatu zuenez, pilotariek batu beharra duzue, pilota profesionaleko subjekturik ahulenak zaretelako, baina, aldi berean, garrantzitsuenak, eta pilotariak babesteko ezinbestekoa ikusten duzue pilotari profesionalen elkartea sortzea. Zuk ere hala uste duzu?
Azken finean denok hartutako erabakiak dira Oinatzek adierazitakoak; denon artean erabaki dugu hori. Hemendik aurrera, pixkanaka, egunero hitz eginez ikusiko dugu zein erabaki hartu; gure aldetik erabaki onena hartzen saiatuko gara, denon artean. 

Bestalde, zer moduzkoa izan da pilotara buelta COVID19 birusaren agerpenaren ondorengo egoera berezi honetan? Ohitzen ari al zarete normaltasun berri honetara?
Ezin gara kexatu; gutxienez jokatzen ari gara. Ekainean zalantzak genituen, jokatzen ere hasi  egingo ginen edo ez, eta azkenean udan partida batzuk jokatu dira, gaitzerdi. Alde horretatik pozik, eta espero dugu hemendik aurrera egoera okertu beharrean, ea pixkanaka hobetzen den. 

Masters CaixaBank torneoa bukatuta Binakako Pilota Txapelketa jokatuko da, baina aurrera begira zer dio enpresak?
Orain Mastersa bukatu ondoren Binakakoaren bukaera jokatuko da eta esan digute Buruz Burukoa berehala hasiko dela eta azkarra izango dela. Ez dakit zehazki zein formatutan jokatuko den, zein mailatan, hori ez didate esan, esan didatena da Buruz Burukorako prestatzeko eta horretan ari naiz burubelarri. Aurten berezia izango da eta gogotsu nago. 

Buruz Burukorako zein esperantza duzu?
Ongi aritzea espero dut. Ongi sentitzen naiz, sasoiko, baina gero ikusiko da partidetan zer moduz nabilen. Baina gogotsu nago. 

Zer moduzkoa da frontoietako giroa?
Arraroa, inoiz bizi izan ez dugun bezalakoa. Ohituta gaude beti frontoia beteta egotera, sekulako festa giroarekin eta jende gazte askorekin. Eta orain ez. Baina gutxienez frontoia ez dago hutsik, pilotazale batzuk joaten dira, eta honen guztiaren alde ona begiratu behar da. 

Pilota zaleek esaten dizuetena hobeto entzungo duzue orain, ez?
Bai (kar, kar…). Jende gaztea festa giroan egoten zeneko gauzak ez dira entzuten, baina besteak bai. 

Uste duzu enpresak ongi erantzungo duela? Benetan balorean jarriko dituela zuek eskatutakoak eta halako adostasun bat lortuko duzuela?
Ez dakit, baina baietz espero dut. Gure helburua ez da inolako momentuan enpresaren kontra jotzea; gure helburua kolaboratzea da, alde bakoitzak bere aldetik jartzea. Hori da gure helburua, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.