Presoek komunikazioen murrizketekin segitzen dute

Guaixe 2020ko ira. 25a, 12:11
Larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko mobilizazioa. Artxiboa.

COVID-19 pandemiak presoen eta haien senide eta lagunen arteko komunikazioak murriztu dituela salatu dute Sarek eta Etxeratek. Presoen urruntze politikekin eta inkomunikazio egoerarekin bukatzeko eskatu dute .

Pandemiari aurre egiteko neurri gisa, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak presoen komunikazioak murriztea erabaki du. Etxarri Aranazko Etxerat-ek jakinarazi duenez, Luis Mariñelarena Goñi martxotik dago bisean biseko bisitarik gabe. Carlos Apeztegia Jaka irailaz geroztik dago halako komunikaziorik gabe. Asier Carrera Arenzana dagoen kartzelan familia bisean biseko bisitetara bi pertsona sartzeko baimena ematen zuten eta Carrerak hiru pertsona sartzeko eskaera egin zion kartzelako zuzendaritzari, bikotea eta bi haur baititu. Kartzelak aukera hori onartzearekin batera, familiako bisean bisekoak kendu zizkion eta soilik intimoak uzten dizkio. Beraz, ez ditu haurrak ikusiko. Iraila hasieran hartu dute erabakia. 

Juan Ramon Karasatorre Aldaz bisean biseko bisitaren ondoren espetxean hamar eguneko berrogeialdia pasa behar du eta, ondorioz, mintza-tokiko bisita bat galtzen du. Unai Parot Navarrok familia eta intimoak diren bisean bisekoak ditu. Azkenik, Jon Gurutz Maiza Artola eta Oihan Barandalla Goñi dauden kartzelan 6 mintzatoki itxi dituzte eta, ondorioz, bisitak hartzeko euskal presoak txandakatu egite dira. Horrek ekarri du hilabetean lau bisita izan beharrean hiru dituztela. Bestalde, Espainiako kartzeletan dauden presoek lehen mintzatokietan lau pertsonen bisitak har bazitzaketen, gaur egun bi besterik ezin dute joan. Eta COVID-19agatik batzuetan bisitak astez jartzen dituzte kartzelek. 

Etxarri Aranazko Etxerat-etik adierazi dutenez, “emozio-karga handia jasaten ari gara, osasun-krisiaren ondorioz segurtasun-eza, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna bizitzen ari gara. Egoera hau jasangaitza bilakatzen ari da”.