Joanes Bakaikoa

"Greban egon garenak batuta egotea izan da garrantzitsuena"

Guaixe 2020ko aza. 2a, 09:34
Joanes Bakaikoa pilota errematatzen. Artxiboa.

Pilotari guztiei eragingo dien akordioa lortu dute EPEL enpresen ligak eta pilotariek. Pilotarien aldarrikapen gehienak kontuan hartu dira eta "oso pozik" daudela aitortu du Joanes Bakaikoa Etxarri Aranazko pilotariak

Asteartean iritsi zen albiste ona: EPEL (Esku Pilota Enpresen Ligak) eta EPEL-en lehiaketetan parte hartzen duten 45 pilotarietatik 44 pilotari akordiora iritsi ziren. Ondorioz, Baikoko 15 pilotarik urriaren 9an abiatu zuten greba bertan behera geratu zen. Grebalarien artean zegoen Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriarra. Bi aldeek lortutako akordioa sektoriala da, hau da, pilotari guztiei eragiten die, bai Baikokoei eta baita Aspekoei ere, eta Baikoko grebalariek eskatzen zituzten ia aldarrikapen gehienak aintzat hartu dira akordioan. 

Bi aldeak akordiora iritsi zarete eta greba bertan behera utzi duzue. Zorionak Joanes!
Eskerrik asko. Urriaren 9an hasi ginen greban; ez da denbora gehiegi pasa, baina askoz ere denbora gehiago pasa izanaren sentsazioa dugu. Halakoetan ibiltzen ez gaude ohituta, eta, egia esan, nahiko luzea eta gogorra egin zaigu. 

Akordioa ongi hartu duzuela pentsatzekoa da, zuen eskari ia gehienak aintzat hartu dituztelako. 
Bai. Guk eskatzen genituen aldarrikapenaren puntu asko, gehienak, hor daudela esan daiteke, eta pozik egoteko arrazoiak ditugu. Zer pasako zen zalantza genuen, baina ongi atera da eta pozik gaude, eskari gehienak lortu ditugulako. 

“Hasieratik argi genuen gure borroka pilotari guztien aldekoa zela”

Akordio hau sektoriala da, pilotari guztiei eragiten dizuena, ez bakarrik Baikokoei, baizik eta Aspekoei bai. Horrek garrantzi handia du, lorpen handia da. 
Bai. Guk hasieratik argi utzi nahi izan genuen gurea ez zela soilik gure alde egiten genuen borroka, pilotaren alde egiten genuen zerbait zela, globalki, eta pilotari guztiendako eta ondorengoendako ere zerbait onuragarria egiteko asmoa genuela. Hortaz, akordioa denendako da ona, pilotarendako bereziki, eta horregatik gaude pozik, pilotan halakorik inoiz ez delako gertatu. Eta hau oso garrantzitsua da. 

ELA sindikatuak adierazi du honek erakutsi duela sindikatu batean antolatuta egoteak duen garrantzia; lan baldintzak hobetzeko bermea dela. 
Hasieran ez ginen sindikatuarekin lanean hasi baina denon artean hitz eginez eta bozkatuz erabaki genuen ELA-rekin hastea. Bilera dezente egin ditugu, sindikatuak aholku asko eman dizkigu eta arlo guztiean lagundu digu; eskertzekoa izan da. 

Aurreko astean, egoera desblokeatu nahian, Ezkurdiak, Altunak, Urrutikoetxeak eta Olaizolak pilotari elkarte bat sortzeko proposamena egin zuten. Uste duzu akordioa lortzeko bidean horrek ere eragina izan duela?
Gertatutako guztiak izan du eragina: grebak, Binakako finala ez jokatzeko auzitegiak hartutako erabakiak eta baita honek ere. Beraiek pisu handia duten pilotariak dira, eta laguntza ere bada. Baina nik azpimarratu nahiko nuke garrantzitsuena izan dela greban egon garen pilotariak batuta egon garela. Hori ez dakit noizbait pilotaren munduan gertatu den. Denak batuta egon gara, eta elkartasun handia eskaini diogula batak besteari. Joseba Ezkurdiak eta egin duten ahalegina eskertzekoa da. Zalantzarik gabe, uste dut borondate onez egin dutela. Amaiera hau, akordioarena, onuragarria da pilotarendako. 

“Akordioa pilotarendako ona da, eta horregatik gaude pozik”

Lortutako akordioari esker, Baikok Eskirozen, Estebanen, Lasoren eta Mariezkurrenaren kontratuak berrituko ditu, epe ezberdinetan. Akordioak 8 puntu jasotzen ditu pilotariei dagokienez. Tartean, pilotarien gutxieneko soldata 25.000 eurokoa izango da urtean, betiere jaialdiak gutxienez %80ko aforoarekin egiten hasten direnetik aurrera. Norgehiagoka estelarra jokatzeagatik ere gehigarri bat jasoko dute pilotariek, eta Hego Euskal Herritik kanpo jokatzen dutenean ere gainsariak izango dituzue. Soldata baxuenak dituzten pilotariei esklusibitate klausulak malgutzea ere adostu da, eta pilotariek aukeratu ahal izango dute enpresak zuzendutako entrenamenduetara joan edo euren kontura entrenatu. Eta beste hainbat konpromiso hartu ditu ere EPEL-ek. Kontentu egoteko modukoa, ezta?
Bai, hau lortzeko lan handia egin dugu denon artean. Esan dudanez, gure helburua, hasieratik, pilotaren onerako zerbait egitea zen, denondako onuragarria dena. Zaila izan da, baina lortu dugu, lan asko egin ondoren. Orain egin behar dena pilotaz hitz egitea da. 

Pilotaz hitz egingo dugu, beraz. Grebarekin eta azken gertakariekin txapelketak eten egin ziren. Zure kasuan, urriaren 2an, Etxarri Aranatzen Buruz Buruko Txapelketako atarikoa irabazi zenion Arteaga II.ari (22 eta 14) eta Buruz Burukoan aurrera jarraituko duzu. Noiz itzuliko da Banakakoa?
Enpresak guztia lotzen ari dira, baina badirudi lehendabizi Buruz Buruko Txapelketa hasiko dela, datorren asteburuan, azaroaren 6tik 8ra bitarteko asteburuan. Lehenik eta behin Buruz Burukoa eta ondoren Binakakoa jokatuko direla dirudi. Eta nire kasuan, Buruz Burukoan hasteko gogotsu nago.