Carrera Zaballara eramanen dute

Guaixe 2021ko mar. 11a, 18:44

Etxarriarrak presoen Euskal Herriratzea eskatzen.

Aurretik Luis Mariñelarena A Coruñatik Palentziara hurbildu zuten. Jose Ramon Karasatorre Castellondik Kantabriara gerturatuko zutela iragarri zuten otsail hasieran baina oraindik ez dute lekualdatu. Halako egoeran beste 47 preso daudela salatu du Etxerat-ek.

Ostiralero moduan, Espainiako Espetxe Erakundeak presoen gerturatzeen edo Euskal Herriratzeen berri eman zuen. Iragarri zuen Asier Carrera Arenzana preso etxarriarra Palentziako Dueñas kartzelatik (310 km) Arabako Zaballara lekualdatuko dutela. Horrekin batera, etxarriarra bigarren graduan egonen dela gaineratu du Espainiako Espetxe Erakundeak, ondorioz, espetxe onurak eskuratzeko aukera luke. Gaur egun Zaballako kartzelan Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 5 kide daude. 

Carrerari egozten zaio 2000. urtean Fernando Buesa Blanco PSE-EEko buruzagia zena eta haren bizkartzain Jorge Diaz Elorza hiltzea. 2000ko azaroaren 14tik dago kartzelatuta, 30 urteko zigorra betetzen. Zigorraren hiru laurdenak 2023an beteko ditu. Espetxe erakundeen arabera, espetxe legedia onartu du, indarkeria errefusatu du, eragindako mina aitortu du eta biktimei ordaina emateko beharra onartu du. Erantzukizun zibila ordaintzen ari da. 

Erritmoa azkartzea 
Presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Espetxe Erakundeak iragarritako 31 lekualdatze ez direla egin eta beste 17 preso bitarteko kartzeletan daudela, handik noiz mugituko zain. Guztira 48 preso. Etxerat-eko kideek azaldu dutenez, “iragartzea baino garrantzitsuagoa da, noski, lekualdaketak eta hurbilketak errealitate bihurtzea, horrela senideek eta presoek pairatzen duten ziurgabetasun eta frustrazioarekin amaitzeko. Eta uste dugu, gainera, urruntzearekin eta sakabanatzearekin bukatzeko erabakia hartu ondoren, ez duela zentzurik gaur egun bost lekualdatze iragartzeko dinamikari eusteak; izan ere, dinamika horrek hainbat senideren egonezina eta urduritasuna areagotzen ditu”. Horregatik, “astero egiten den lekualdatze-erritmoa handitzeko unea da, lehenbailehen espetxe-mapa berria errealitate bihurtzeko. Lehenbailehen, preso guztiek egon behar dute Euskal Herrian”.

Azkenik, Sarek deituta, larunbatean hitzordu bikoitza izanen da Etxarri Aranatzen. Alde batetik, motxiladun umeen egoera azaleratzeko Porrotxek gidatutako ikuskizuna izanen da 11:30etik aurrera. 20:00etan, berriz, Denak etxera leloa duen manifestazioa abiatuko da plazatik.