Laugarren preso bat hurbilduko dute

Guaixe 2021ko api. 2a, 12:34

Presoen etxeratzea eskatzeko manifestazio baten hasiera. Artxiboa.

Puerto III kartzelan, 1.020 km-ra dagoen, Unai Parot Navarro Leongo espetxera lekualdatuko dute (370 km).

Azken aldiko ostiraleroko martxari segituz, Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak euskal presoen lekualdatzea onartu duela jakinarazi du. Oraingoan sei izan dira eta haietako bat Unai Parot Navarro da. Gaur egun Cadizko Puerto III kartzelan preso dago, 1.020 km-ra, eta handik Leongo kartzelara, 370 km-ra, eramanen dute. 

Parotek 63 urte ditu. 1990eko apirilaren 2an atxilotu zuten Sevillan, beraz, 31 urte daramatza preso. ETAren Argala komando ibiltariko kide izateagatik, hainbat atentatutan parte hartzeagatik eta haien ondorioz 39 pertsona hiltzeagatik zigortu zuten. 41 urteko espetxe zigorra du eta haren hiru laurdenak otsailean bete zituen. Euskal presoei espetxeko egonaldia luzatzeko, eta espetxe onuren inguruko Paroten helegitea atzera botatzeko, legea bihurritu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 2006an eta hari “Parot doktrina” deitu zioten, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2013an atzera bota zuena. 

Orain arteko espetxealdi guztia lehen graduan bete du Parotek, baina lekualdaketarekin batera bigarren gradura pasa dute. Ondorioz, espetxe onurak eskuratzeko aukera luke. Espetxe erakundeak jakinarazi duenez, presoak “legea onartu du”. Gaur egun Leongo Mansilla kartzelan Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 6 kide daude. Bestalde, haren etxeratzea eskatzeko dinamika aurkeztu zuten joan den astean Arrasaten eta larunbatean eskaera horrekin manifestazioa egin zuten. 

Aurretik espetxe erakundeak Sakanako beste hiru presoren lekualdatzea iragarri zuen, baina, momentuz, bakarra gauzatu da, Luis Mariñelarena Garziandia A Coruñatik (600 km-tara) Palentziako kartzelara (310 km-tara)  eraman baitzuten. Han dagoen Asier Carrera Arenzana Martutenera lekualdatuko dutela jakinarazi zuen espetxe erakundeak, baina oraindik ez du halakorik egin. Ezta Juan Ramon Karasatorre Aldaz Castellondik (480 km-tara) Kantabriara ekarri (180 km-tara) ere. 

Preso etxarriarren helbideak

  • Juan Ramon Karasatorre Aldaz
    Castellón II Centro Penitenciario
    Paraje Mascarell s/n, acceso CV-129, km. 15
    12.140 Albocasser (Castellón)
  • Luis Mariñelarena Garziandia
    Dueñas – La Moraleja Centro Penitenciario
    Carretera P-120
    34.210 Dueñas (Palencia)
  • Asier Karrera Arenzana
    Dueñas – La Moraleja Centro Penitenciario
    Carretera P-120
    34.210 Dueñas (Palencia)
  • Unai Parot Navarro
    Puerto III Centro Penitenciario
    Ctra. Jerez-Rota, km 6
    11.500 Puerto de Santa María (Cádiz)
  • Jon Gurutz Maiza Artola
    Lannemezan Centre Pénitentiaire
    Chemin de la Plaine
    B.P. 166.307
    Lannemezan Cédex