Larriki gaixo dauden hamazazpi presoen askatasuna aldarrikatu zuten

Guaixe 2021ko api. 20a, 10:31
Etxarri Aranazko estalopean gaixo larri dauden presoan askatzea eskatu zuten. Argazkia: @SareEtxarri.

Haien artean dago Jon Gurutz Maiza Artola, Frantzian preso dagoena. Presoak sendatzeko haien askatasuna aldarrikatu zuen Sarek, baita espetxeetako salbuespen-politika desagertzea exijitu ere.   

Osasunaren Nazioarteko Egunean, hilaren 7an, Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri zituen plazan kontzentrazioa eginez. Pandemiaren testuinguruan larriki gaixo dauden presoen osasuna lehenetsi behar dela adierazi zuten Sareko kideek. Larriki gaixo dauden 17 euskal presoen artean dago Jon Gurutz Maiza Artola etxarriarra, Lannemezango kartzelan preso dagoena. 

Preso horien osasun egoerari bi faktorek eragiten dietela nabarmendu zuten. Batetik, euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politika, “gaixo diren presoen kasuan gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi-baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu”. Eta, bestetik, “espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen, eta are gutxiago COVID-19ak eragindako egoerak eskatzen dituen neurriak errespetatzeko aukera”. Sareko kideek azpimarratu zutenez, “ezin dugu onartu segurtasun-politiken aitzakiaren pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso guztiek konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea dute”.