Astekaria

Epelen zuhaitzak, organoa elizan

Guaixe 2022ko ots. 23a, 14:33

Etxarri Aranazko organoa.

Etxarri Aranazko elizako organoak 110 urte bete ditu. Urte bat geroago landatu ziren koniferak eta haritz amerikarrak Epelen. Udalaren baso aprobetxamenduak eta elizako organoak lotura estua dute.

Beheko basoan dauden Epele, Epeleko sarea eta Epelaundi dermioetatik epaitza ateratzen ari da Maderas Larreta SM. Haritz amerikarra ari dira ateratzen, baita pago pixka bat ere. Guztira 2.360,1 metro kubiko bolumena du baso aprobetxamenduak eta enpresak 75.000 euro ordaindu dizkio harengatik udalari. Epaitza ateratzeko lanak aurrera doaz. 

Rafael Carasatorre Vidaurrek Etxarri Aranatz 1900-1940 liburuan jaso zuenez, Epelen (738.400 metro karratu) Nafarroako Diputazioak bidalitako 29.000 pinu eta izei eta 30.000 haritz amerikar zuhaixka landatu zituzten 1913ko abenduan. Koniferek 88.812 metro karratuko azalera hartu zuten eta haritz amerikarrek 367.500. Etxarriarrek pinuak landatzearen kontra egin zuten eta udalak Diputaziora kexu idatzia bidali zuen abenduaren 3an. 

Nafarroako Mendi Zuzendaritzako Tomas de Villanuevak abenduaren 13an erantzun zuen esanez, jarritako koniferak azaleraren bosten bat baino gutxiago hartzen zutela. “Pinuen artean ez al dira bertako haritzen landareak ateratzen? Horiek kendu egiten al dira? Ez dira zuhaitzak espazioan erregularki banatuta gelditu eta sekula baino hosto gehiago ez dute sortuko? Gaur egun bertako haritza landatzea zentzugabekeria iruditzen zait; denean haritz amerikarra jartzea beste zientzia zentzugabekeria bat da, lehendik ez zegoen espezie bat ez baita sekula bakarrik jarri behar, are gutxiago hori Europan berez sortzen ez denean”. 

Basoa, lanak ordaintzeko
Carasatorrek liburu berean azaldu zuenez, elizan lan batzuk egin nahi ziren eta Ventura Otermin bikarioak kalkulatu zuen lanek 7.500  pezetako (45,07 euro) kostua izanen zutela. Zioenez, elizak 2.500 besterik ez zituen (15,02 euro). Etxarri Aranazko Udalak 1911ko garilaren 25ean egindako bilkuran erabaki zuen eliza pintatzeko eta organoa eraikitzeko lanen erdia ordainduko zituela. 

Udalak elizako organoa Ramon Carasatorre y Zufiriaren maileguarekin eta Epeletik ateratako baso aprobetxamenduarekin ordaindu zuen. Guztira 795 zuhaitz, haritz eta pago, saldu nahi zituen udalak, bost epaitzetan banatuta. Haren bidez 24.129 pezeta (145,01 euro). Bi enkante deitu ondoren udalak bakarrik 1. eta 5. epaitzak saldu zituen. Lanen erdia ordaintzeko nahikoa diru ez zuenez, Etxarri Aranazko Udalak Nafarroako Diputazioari baimena eskatu zion 15.000 pezetako (90,15 euro) mailegua eskuratzeko, irailaren 29an baimendu zuena. 

Alkateak elizako lanetarako zein diru ekarpen egin zuen galdetu ondoren, Ventura Otermin bikarioak 1913ko lastailaren 20an erantzun zuen lanek eta organoaren erosketak 23.704 pezetako (142,46 euro) kostua izan zutela, eta udalak 11.882 pezeta (71,41 euro) ekarpena egin zuela. Jakinarazi zuen ere agiriak galdu zitzaizkiola. 

Erlazionatuak

Organoak Sakanan

Guaixe 2022 ots 23