Astekaria

"Dakidana baino gehiago jakinen nuke"

Guaixe 2022ko ots. 24a, 14:29

Alfonso Ondarra Quintana organoa jotzen elizan

Etxarri Aranazko elizako organoak 110 urte egin ditu elizkizunak edertzen eta parrokiako eta Etxarri Aranazko abesbatza laguntzen. Alfonso Ondarra Quintana gaur egungo organo jolea da. 

Musika tresna horren ingurukoak, bere musika ibilbideaz eta elizkizun bat musikaz edertzeko dagoen antolaketaren berri eman du gaur egungo organo joleak, Alfonso Ondarra Quintanak. 

Nolakoa da Etxarriko organoa? 
Bi teklatu ditu, eta haietan, mutur batetik bestera, erregistro osoak ditu. Sei erregistro teklatu bakoitzean. Beste organo batzuk teklatuaren erdiraino iristen diren erregistroak dituzte, eta handik aurrera beste bat. 

Zer dira erregistroak? 
Ateratzen duzun soinu mota, dentsitate desberdinekoak daude. Hamaika erregistro daude. Erregistro bat aukeratuta, Etxarriko organoan, teklatu bakoitzean dauden 56 tekletan soinu hori ateratzen du. Bi teklatuen soinuak aldi berean entzuteko burnizko lotura bat dauka. Organista onek oinarekin ere jotzen dute (organoek pedalak baitituzte). Teklatuak ongi menperatzen dituzte eta oinekin akordeak egiten dituzte. Nola entzuten den! Nire ezagutzak ez du hainbesterako ematen. 

Nola funtzionatzen du organoak? 
Sistema mekanikoa du. Jotzen duzun tekla bakoitzak hagatxo bat beherantz egiten du, organoaren azpitik atzera pasatzen da, kutxara. Han dena tutuz beteta dago. Organoa aire instrumentua da. Aire depositu bat du organoak, hura beteta dago, presioan. Hagatxo horrek tutu bat zabaltzen du, eta soinua ateratzen du. Aire biltegia betetzeko 1941ean motorra jarri zioten organoari. Ordura arte “alubi motorra” zuen. Duen potentziaren araberako soinua ateratzen du. Beraz, zuk erregistro bat zabaltzen duzu, eta jotzen duzun tekla bakoitzeko tutu bat zabaltzen du. Hau da, tekla bakoitza erregistro guztietan tutu bat du. Hau da, 672 tutu ditu organoak. Bakoitzak tonu bat ematen du. Kutxa barruan entzuten da soinua. Bolumen gehiago eman nahi izanez gero kutxaren goiko partean dauden leihotxo batzuk zabaldu ditzake joleak pedalarekin, horrela, ateratzen duen bolumena handitzen du. 

Pedalak aipatu dituzu. 
Organo handiek pedal independenteak dituzte, Etxarrikoak ez. Pedala zapaltzean tekla bat jaisten du eta hori entzuten da. 

Zergatik daude organoak beti goian? 
Ez da kasualitatea izanen. Koruan abesbatza kantatzen egoten da. Ez da zentzuzkoa organoa behean eta abesbatza goian kantari egotea. Zuzendari bat dago, abesbatza eta organo jolea ikusi behar dituena. Eta denak bera. 

Zer behar da organo bat jotzeko?
Ufff! Jotzetik jotzen jakitera alde handia dago. Ez da munduan izanen ni jotzen dudan moduan jotzen duen organo jolerik, hain gutxi ikasita. Argi eta garbi. Aita zenak esaten zidan: penatuko zara, penatuko zara. Arrazoia zuen. Piano gehiago ez ikasi izanak penatu dit. 

Bakaikun pianoa ikasi? 
1937an jaio nintzen. Haurra nintzela etxean pianoa sartu zen. Idazkari batek azpikeriaren bat egin zuen Bakaikuko Udalean, bota egin zuten eta guztia bahitu zioten. Dena enkantera atera zuten: koadroak, maindireak, mahaia… Aitaren osaba batek esan zion: Aizu, Juan, piano bat dago; harzazu! Aitak: zertarako? Osabak: seme-alabek ikasteko. Aitak: Baina Bakaikun ez dago organistarik, ez dago irakatsiko dien inor! Osabak: berdin dio, ikasiko dute! Utziko dizut dirua pianoa eskuratzeko. Animatu zuen. Pianoa mila pezetatan atera zen (6,01 euro). Zerbait erosi nahi, eta zelula pertsonala eskatu zioten (orduko nortasun agiria). Ez zuen eta haren bila ziztu batean joan zen. Han joan ziren dena saltzen. Enkantea despeditu eta saldu gabe gelditu zirenak berriro enkantera atera zituzten, bi hereneko prezioan. Lehena pianoa, 666,67 pezeta (4 euro). Niretako! Bederatzi anai-arreba izan gara, ni gazteena, nire aurreko arreba lau urterekin hil zen. Uste dut beste zortziek zakar jo dugula piano hori, eta guztiek, gutxi-asko, organoa jo dugu. Bi anaiek organo karrera egin zuten; lehenik solfeoa, gero pianoa, eta piano ikasturte pila baten ondoren, organoa ikasten da. Teklatua bera da, baina dominatzeko, konbinatzeko, bestelako armoniak eta beste ditu. Organista ona pedalak eta guzti aritzen da jotzen. Nik ez dut halakorik egiten. 

Beraz, txikiena izatean, anai-arrebek erakutsi zizuten? 
Jakina. Ni 11 urterekin seminariora joan eta urte eta erdi egon nintzen. Han ez nuen musikarik ikasi. Solfeoa nekienez Schola Cantorum-en jarri ninduten eta kantatu egin nuen. 13 urterekin bueltatu nintzen etxera. Pianoari kasu gutxi. Isabel ahizpak Bakaikun jotzen zuen eta esaten zidan: eta egunen batean ni faltatzen banaiz? Aizu, ikasi behar duzu! Adin hartan aitarekin sorora lanera. Hartaz bizi ginen. Etxera bueltatu eta lagunekin jolastera ateratzen nintzen. Orain ikas dezakezu pianoa! Nik jolastu nahi nuen. Gaztea, normala, ez? Pianoa gorroto nuen. Ikasteko metodoa jarri eta haren barruan komikia sartzen nuen. Piezak hola edo hala jotzen nituen komikia irakurri bitartean. Hau zer ari da jotzen? Isilik igo eta komikiarekin harrapatu ninduten. Penatu behar zaitu, penatu behar zaitu! Bai, penatu nau. Dakidana baino gehiago jakinen nuke. Baina eskarmentua pilatuz… 

Noiz hasi zinen berriz jotzen? 
Arreba moja joan zenean, 18 urte izanen nituen. Bakaikun organo jolea behar da, eta badakizu! Alicia arrebak jotzen zuen ere, baina txikitan haur paralisia izan zuen eta eskua eta besoa hala zituen. Jotzen zuen, baina kostatzen zitzaion; ez zuen asko ikasi. Saiatu, jo behar duzu eta! Eta jo nuen. Gero Etxarri Aranatzera ezkondu nintzen. Hemen bazegoen, baina Bakaikun inor ez. Egunen batean joan nintzen. 

Organoa jotzen zenuen? 
Etxarriko bezalakorik ez dago. Harmonium bat zegoen. Baina duela urte batzuk apaiz bat etorri zen, Josetxo Oloriz, eta bi organo elektroniko berdin ekarri zituen Bakaiku eta Iturmendirako. 

Nolaz hasi zinen Etxarrin organoa jotzen? 
Parrokiako korua bazegoen, baina Francisco Villanueva apaizak Etxarriko abesbatza sortu eta zuzendu zuen. Berak jotzen zuen organoa. Villanueva 1983 edo 1984an joan zen. Joan baino urte bat lehenago Gasteizen birziklatzeko ikastaroak egiten egon zen. Aste guztia kanpoan egoten zen. Astebururen bat egoten zen. Eta joko nuen galdetu zidan. Bera ez zegoenetan jotzen nuen. Ez nuke entzun nahiko orduan nola jotzen nuen. Urteak neramatzan jo gabe. Oso gutxi nekien. Hasi, sartu, lotu, gehiago, gehiago eta hor nago, kasik 38 urte daramat. Nik ez dut musikarik ikasi. Liburuak irakurri ditu, gauzak egin ditut, praktikaren bidez… Musikak melodia du. Nik jotzen dut eta akonpainamendu bat jartzen diot. Baina nik jarritako akonpainamendu bat edo musikari on batek jarritakoa, ba… 

Nola moldatzen zara?
Ordenagailuan kantu gehienak opatzen saiatu naiz, eta akonpainamendua idatzita ere. Hori kopiatu dut. 2.000 pasa partitura egokitu ditut, paperean zeudenak ordenagailura pasa eta txukun jarri. Goiko pentagraman melodia jarri dut eta behekoan akonpainamendua. Eta partitura horiekin jotzen dut. 

Beraz, organoa zer da akordeoia bezala? 
Hori da, eskuinarekin melodia jo eta ezkerrarekin akonpainamendua. Baina akordeoian ere, jotzetik jotzera aldea dago. 

Funtzio guztiak ez dira berdinak. Nola aukeratzen dira piezak? 
Ez dut apaizarekin hitz egiten, urteen eskarmentuagatik neronek egiten dut. Ordenagailutik Zaragozako Dabar aldizkariak elizkizun bakoitzerako kantu batzuk aholkatzen ditu. Iruditzen zaizkidan kantuak aukeratzen ditut bi igandetarako. Bakoitzerako taula bat egiten dut eta whatsappez bidaltzen diet: apaizari, ikus dezan eta bakarren bat aldatu nahi badu esateko; Juan Mari Agirreri, kantuen letren diapositibak jartzeko, diapositiba zenbakia zein den zehazten dut eta parrokiako koruko kideei, jakin dezaten zein kanta diren, eta haien artxiboko kanten zenbakia gehitzen dut. Aste Santua eta Eguberriak ziklo “indartsuagoak” dira, eta, gutxi gorabehera, prestatuta daude. 

Gustatzen zaizun piezaren bat entzunez gero, zer? 
Pieza ordenagailuan bilatu, partitura lortuz gero, ateratzera, kopiak egin eta gustatzen zaien galdetzen dut. Gogoko badute, ikasten dute. Hamabost kanta baino gehiago ikasiak ditugu. Erraz esaten da. Pandemiarekin, debekatuta egon denez, ez dugu entseatu. Bizitza ez dugu zaildu nahi ere; jendea ere zahartzen ari da. Pena da, baina, tira. 

Gaur egun, noiz jotzen da organoa Etxarrin?
Igandero. Beno, Etxarrin bigarren organoa dago, Andra Mari ermitan. Berria da, txikia baina tutuduna da. Migel Anjel Sagaseta Ariztia apaizak ekarri zuen. Ermitan elizkizunak larunbatetan egiten dira. Bestela, irailean Ama Birjinaren bederatziurrena (agorrilaren 31tik irailaren 9ra) edo han egiten diren ezkontzetan kantatzen eta jotzen dugu. 

Orain organo elektronikoa jotzen duzu. 
Ni ezin naiz korura igo (56 eskailera, zenbatuta ditu). Organo elektronikoa ekarri dugu elizarako, behean jarri dugu. Soinu polita du, baina imitazioa da. Aurretik, Mikel Auzmendik Raul del Torok organo joleari esan zion elizarako organo elektrikoa ekarri behar genuela eta zera erantzun zion: organo eder bat duzue goian, zertarako ekarri nahi duzue tramankulu hori? Abesbatzak kontzertua eman zuen aurrekoan eta del Torok organoa jo zuen eta jendeak esaten zuen: a zer soinua! Organoa ona da. Aldea organo jolea zen, ez dago konparatzerik. 

Beste organo joleren bat bilatzeko esan nien. Nik galdetu nuen, eta konpromisoa hartuko zuen inor ez zegoen. Batek esan zidan nik ezin nuen egunetan ordezkatuko ninduela, baina astebururo joateko ezetz. Organo jole bila segitzen dugu. Ordezkoa balego, nik utziko nioke, dagoeneko pixka bat neketsua da. 

Nondik heldu da Etxarrin musikarekiko dagoen zaletasuna? 
Organoa eta organista izateak lagunduko zuen. Parrokiako abesbatza zegoen eta apaizek nahi zutenei solfeoa eta kantuko zerbait emanen zieten. Zaletasuna sortuko zen, ez dakit. Etxarri Aranazko abesbatza sortu baino lehen parrokiako korua oso ona zen. Bakaikuko aberatsetako baten hiletan aritu zela gogoratzen dut. Alfredo Martinez eta Dionisio Diaz haiek ere musika egitekoak zituzten. Musika banda ere egon zen. 

 


Anai-arrebak
Josefa
Ahizpa nagusia 14 urte ingururekin Iturmendira moja joan zen, Andre Mariaren mirabeen komentura. Sor Joaquina izena hartu zuen (Joaquina amaren izena zen). Hark etxean ezer gutxi ikasi zuen. Madrilen musika ikasi eta organo karrera egin zuen.  

Tomas
Iruñean apaiztu zen 1948an. Lerinen egon zen. Erdi gor-mutu zen baten laguntzaile hasi zen. Han organo ona opatu zuen. Ikusi zuen tutuak hautsita, erdi zulatuta zeudela ikusi zuen eta ur eta irinaz egindako orearekin estaltzen zituen. Baina arratoiek jan zuten. Zepoak jarri zituzten. Eta ez dakit zenbat urte organoa soinua egin gabe egon ondoren, Santa Barbara egun batez, abenduaren 4an, entzun zen. Eta udalak, esker onez, kaliz bat oparitu zion, ondoren Japonen elizan erre zitzaion. Handik Lizarrara joan zen eta ondoren misioetara joan zen, Japoniara. Aurretik Burgosen ingelesa ikasten egon zen. Liburuak ingelesez eta japoniarrez zeuden. Ingelesa jakin gabe, japoniera jakiterik ez. Japoniara joan aurretik urte bat Kalifornian egon zen, parrokia batean. Han dirua ateratzen zuten  Japoniako misioa mantentzeko. 

Japoniara iristean Marugameko parrokian hasi zuen bere misioa, eta, ondoren, Atzerriko Misioen Espainiako Institutuko misiolarien nagusi izendatu zuten. Japonian ia 25 urtez lan egin zuen Osaka eta Takamatsu elizbarrutietako jarduera eta parrokietan. 1977an itzuli zen, osasun eta familia arrazoiengatik, eta Iruñeko elizbarrutian hasi zen lanean berriz, parroko gisa, Jaurrieta Zaraitzuibarren. 92 urte zituela, 2017ko garilaren 14an hil zen. 1924ko irailaren 4an jaioa zen. 

Maria Jesus
Andre Mariaren mirabe kongregazioko moja. Bizirik dagoen bakarra, 96 urte ditu eta Sevillan dago. Organo jolea izan zen.

Sebastian
Clinker club orkestrako kidea izan zen, pianotxoa eta akordeoia jotzen zituen.  

1927ko apirilaren 8an jaio zen. Konpositore, musika zuzendari eta organista izan zen. Musikagilea gazte-gaztetatik, Olatzagutian lan handia egin zuen, udal banda eta abesbatza zuzenduz. Bere musika obra batez ere gaztea da, Ama Birjinaren hiru ereserki eta ahots berdinen korurako santoralaren bi antifona nabarmentzen direlarik. 1985ean hil zen.

Isabel
Bakaikun gurasoekin egon zen, soroak lantzen. Bikotekidea zuen, hura etxean sartzen zenean gauza serioa zen. Baina ez zen ezkondu; Iturmendira joan eta moja sartu zen 25 urte zituela. 19 urtez Rhodesian egon zen (egungo Zambia eta Zimbabwe). Handik Jerusalemera boluntario joan zen, auzo behartsu batean neskato arabiarrendako kolegio batera. Minbiziz gaixotu, Madrilera ekarri eta hil egin zen. 

Lorenzo

“Familiako figura”. Organo karrera egin zuen. Konposatzailea. Aita Donostia, Aita Olazaran… oso laguna izan zen. 

1931ko azaroaren 20an jaio zen. Altsasuko Kaputxinoen Seminarioan egin zituen eliz eta musika ikasketak. Azken horiek Donostiako kontserbatorioan hobetu zituen Escudero eta Garbizuren esanetara, bertan organo eta konposizioan karrera-akaberako sariak eskuratu zituen. Era berean, musika garaikideko ikasketak burutu ditu Suitza, Italia eta Alemanian. Instrumentista, musika gaietako idazle eta Aita Donostiaren lan musikalen argitalpenetako laguntzailea izan da. Konpositore bezala ere saritua izan den lan zabala burutu du, azpimarratzekoa da 1969an Diálogos, hari eta organorako bi seikoterako, lanarengatik eman zioten Musikaren Saria Nazionala. Eliz-musika konposatu du, batez ere Gabonetarako, txistulari, koru, ahots eta talde-instrumentalerako bandentzat, flauta ezti eta organorako. 2012ko apirilaren 4an zendu zen.

Alicia
Tomas anaiarekin egon zena. 

Maria Anastasia, Maritxu
Lau urterekin hil zen. 

Erlazionatuak

Organoak Sakanan

Guaixe 2022 ots 23