Aparkaleku berria zabalik

Guaixe 2023ko abu. 1a, 10:00

Errotondaren hego ekialdean dago; 40 bat autorendako tokia du.

Etxarri Aranazko errotondaren ondoan aparkaleku bat dago. Garai batean pribatua zen, baina udalak berriki lursaila erosi du, eta erabaki du erabilera bera ematen segitzea. Puttobioki kaletik du sarbidea aparkaleku berriak. Udalak aparkalekuaren hegoaldeko muga guztia hesitu du, eta sarreran galiboa jarri du. Hark bi metro eskaseko altuera du. Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak azaldu duenez, “horrekin, bermatu nahi dugu aparkaleku horretan bakar-bakarrik autoak sartzen direla”. Aparkalekua iparraldean ere mugatuta dago, partikular baten partzela baitago han. Zorua legarrezkoa du, eta udalak ez du asfaltatuko. Beraz, ez da aparkatzeko marrarik izanen. “Hala ere, espazioa ongi baliatuz gero 40 autorendako tokia dago”, jakinarazi du alkateak. 

Aparkalekua hartzen duen partzelak 1.028 metro karratu baditu ere, autoak uzteko eremuak 770 metro karratu ditu. Etxarri Aranazko Udalak 56.379 euroko inbertsioa egin du: 38.516,84 euro lursaila erosteko eta 17.862,16 euro aparkalekua egokitzeko. Dirua udalarena zen beste lursail baten salmentatik atera da. 

Udalak aurretik beste bi aparkaleku egin ditu. Larreñondo kalean 80 auto har dezakeen bat egin zuen 2017ko akaberan. Plazako jolas parkearen ondoan zortzi autorendako aparkalekua egin zuen 2021eko hasieran. Azkenik, 17 autokarabana hartzeko aukera duen aparkalekua Larreñondo kalean dago. Azpiegitura 2020ko abendu akaberan mustu zen. Horietaz aparte, jakina, igerileku eta kanposantu ondoko aparkalekuak daude.