Ekopasabideko lanek trafikoan eragina izanen dute

Guaixe 2023ko uzt. 28a, 10:01

Ekopasabideko lanak.

Garilaren 31tik irailaren 2ra arte autobian bypassa ezarriko da.

Etxarri Aranazko Aritzalko basoan ekopasabidea egiteko lanak aurrera doaz. Dagoeneko oinarriak eta zutabeak jarrita daude, eta ekoduktua edo zubia izanen dena jartzeko garaia iritsi da. Horren ondorioz, lanek trafiko murrizketak ekarriko dute. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Sakanako Autobian (A-10) bypassa ezarriko da Etxarri eta Bakaiku artean (21+500 eta 22+850 km puntuen artean), garilaren 31tik irailaren 2ra arte. Bitarte horretan NA-2410 errepidea itxita egonen da. 

Behin autobia gaineko habeak jarri ondoren, irailaren 4an autobia trafikora zabalduko da. Eta lanak bigarren mailako errepidearen gainean segituko dute. Lan horiek irailaren 4tik 16ra eginen dira, horregatik, errepidea moztuta egonen da.