Arroz goxoekin ideiak argitzeko

Guaixe 2023ko abu. 1a, 09:25

Estitxu Etxeberria Barandiaran, Begoña Zestau Baraibar eta Maria Saez de Albeniz Bregaña Munduko Arrozak ekimenean parte hartzera gonbidatu dute..

Agorrilaren 3an, osteguna, Munduko Arrozen ekimenaren bigarren edizioa izanen da Etxarri Aranazko festetan.

Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak azaldu duenez, “oso-oso zapore ona utzi zuen Etxarrin Munduko Arrozak ekimenak joan zen urtean. Oso gustura egon ginen. Parte hartzea handia izan zen, bai jatekoak prestatzen, baita etxarriarren aldetik ere. Horregatik, aurten ere errepikatuko dugu”. Alkateak aitortu duenez, “festetako osteguna ez zen oso betea gelditzen, eta honekin goiz bikaina antolatu dugu”. Estitxu Etxeberria Barandiaran kultur teknikariak jakinarazi duenez, Munduko Arrozak festetako ostegunean, agorrilaren 3an, izanen da. “Jatekoak 10:00etan hasiko dira prestatzen, eta, 13:30 aldera, probatzera emanen dute”. 

Dastatu nahi dutenek boluntarioen mahaian jasoko dituzte tresnak. Euro bat ordaindu beharko du platertxoaren, koilararen eta ahozapiaren truke. Eta sorpresaren bat. Hondakin gutxiago sortzeko, plater berean arrozak dastatzeko deia egin dute antolatzaileek. Ateratzen den dirua Munduko Arrozen azpiegiturara bideratuko da. 

Zergatia
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzuko kulturartekotasun teknikari Begoña Zestau Baraibarrek gogorarazi du Etxarri Aranatz “kultur anitza” dela, “jatorri anitzeko hamaika biztanle daude”. Nabarmendu du arroza munduan barna jan daitekeen jakia dela, “zentzu horretan, arrotzak gizaki denak berdin egiten gaitu. Ohitura, sorleku edo bizimoduaren arabera, arrotza prestatzeko modua desberdina da. Ekimen honekin plazaratu nahi duguna da: desberdinak bezain anitzak gara gizakiak”. Ekimenaren bidez, herrian dagoen aniztasuna plazaratu nahi dute, eta elkarren ondoan goiz polit bat pasatzeko aukera eskaini nahi dute. “Arrozaren bidez elkarren arteko hurbiltzea lortu nahi dugu”. Hori lortzeko modua da arroza prestatzen ari diren bitartean sukaldariei errezetaren edo osagaien inguruko galderak egitea. Edo dastatu ondoren iritzia jakinaraztea. “Oso jaki goxoak prestatzen dira, eta hura prestatu duen pertsonarekiko gelditzen zaigun oroitzapena positiboa izaten da. Horrekin, izaten ditugun irudi ez oso zuzen batzuk hausten hasi nahi dugu”, azaldu du Zestauk. Aurreratu duenez, ez du gehiago argitu nahi izan, errezeta berezi bat ere eskainiko dute ere. 

Parte hartzeko beste bide batzuk ere badaude. Goiz horretan bakarren batek ekimenaren espirituarekin bat datorren zerbait egin nahi badu (margotu, antzeztu, grafia jakin batean idatzi, musika jo...) aukera du. Bestalde, Anitzartean Zerbitzuak plazan sentsibilizazio txoko bat jarriko du. “Han aniztasunarekin, giza eskubideekin eta zurrumurruak desaktibatzeko proposamenekin zerikusia dute mezuak izanen dira”.