Etxarri Aranazko hiltegia eraiki zenetik orain gutxira arte Sakanako Hiltegia Kooperatibak kudeatu du. Ibarreko abeltzainendako ezinbesteko elementua zela iritzita, hiltegia biziberritzeko lanean aritu dira hainbat eragile Sakanako Estrategia Planaren baitan. Horren ondorioa da hiltegia zatikatze gelarekin handitzea. Beste egitura bat sortu da hura kudeatzeko. Horretan orain arteko kudeatzaileak, ibarreko harakinak, ekoizleak, Etxarri Aranazko Udala eta Sakanako Garapen Agentzia daude. Horiek horrela, Nafarroako Kooperatibei buruzko legeari jarraituz, Sakanako Hiltegia, Kooperatiba Sozietatearen Batzar Nagusiak azaroaren 30ean kooperatiba desegitea erabaki zuen.