egitaraua

Hemen da Etxarriko ihotea

Guaixe 2024ko urt. 24a, 15:35

Ilbeltzaren 25ean, otsailaren 1ean eta 8an, ostegunak, gizakunde, andrekunde eta garikunde izanen dira Etxarri Aranatzen. Kintoak txatarrez aterako dira kalera. Otsailaren 10ean, zalduniyote edo hiri ihotea ospatuko dute etxarriarrek, eta otsailaren 13an, astearteiyote.

Astearte ihote aurreko hiru ostegunetan kintoak txatarrez jantzi eta zigorra eskutan kalez kale ibiliko dira jendea berotzeko asmoz. Aurrenekoz ilbeltzaren 25ean egin zuten, eta hurrenak otsailaren 1ean eta 8an izanen dira. Ostegun horietako bakoitzak bere izena du: gizakunde, andrekunde eta garikunde hurrenez hurren. Andrekunde egunez, oraindik ere, etxe batzuetako emakumezkoak elkarrekin afaltzen dute, lagun talderen bat ere.

Hiri ihotea, zalduniyote, otsailaren 10ean izanen da, larunbatarekin. Etxarriarrek mozorrotarako duten irudimena soinean, agerian, erakutsiko dute. Mozorrotuta parte hartzeko deialdia egina dago. Herri ihotea, berriz, otsailaren 13an, astearteiyotean ospatuko da. Ihoteen antolatzaileek txatarrez eta trapu zaharrekin mozorrotzeko gonbidapena egin dute. Ihote festari amaiera emateko Kixkimau Pintto berreskuratuko dute, eta kalejiran atera ondoren, "arbasoek" esaten zuten moduan: Heldu dek/den Kixkimau Pintto! Kixkimau Pintto errio hago!.

Etxarri Aranako ihoteen antolatzaileak Iyoteen Batzordea, 2024ko kintoak, Gazte Asanblada, Etxarriko Udala, Etxarriko tabernariak, Eskola, ikastola, Etxarri Kantuz, Txistulariak eta Erraldoi Konpartsa izan dira.

Etxarri Aranazko ihoteak

Ilbeltzak 25 osteguna

Gizakunde

19:00 Txatarrez jantzitako kintoak kalez kale ibiliko dira.

Otsailak 1 osteguna

Andrekunde

19:00 Txatarrez jantzitako kintoak kalez kale ibiliko dira.

Otsailak 8 osteguna

Garikunde

19:00 Txatarrez jantzitako kintoak kalez kale ibiliko dira.

Otsailak 10 larunbata

Zalduniyote edo hiri ihotea

12:00 Jolasak haurrendako, kintoek antolatuta.
Etxarri Kantuz, herrian zehar.

13:00 Auzatea, tabernarien eskutik.

19:00 Mozorro txapelketa, EGAk antolatuta.

20:00 - 22:00 eta 23:00 - 02:00 DJ Txumasketarekin musika, plazan.

Otsailak 13 asteartea

Asteartiyote edo herri ihotea

09:30 - 14:00 Kalejira Eztanda txarangarekin, kintoek antolatuta.

12:00 Jira Bira haur diskoteka.

13:30 Txarangaren kontzertua, plazan.

17:30 Txokolate jana, plazako estalopean.
Dantza erakustalditxoa.

17:30 - 21:00 DJ Mikeltxi.

18:00 Kintoen errifaren zozketa.

19:00 Kixkimau Pinttore segizioa kalez kale txistulariekin, EGAk antolatuta.

Ondoren, Kixkimau Pinttoren erretzea, plazako zelaian, EGAk antolatuta, eta auzatea.

 

Erlazionatuak