Izenez izen, Palestina Etxarritik gertuago

Guaixe 2024ko ots. 27a, 09:00

Irakurketa bilkura batekin despeditu zen. UTZITAKOA

Etxarri Palestina elkartasun taldeak antolatuta,  Palestinan "egiten ari diren genozidioa salatzeko eta presioa egiteko, gobernuek Israeli nahikoa da esan diezaioten, eraildako 12.500 haurren izen-abizenak eta adina" irakurri zituzten.

Etxarri Palestina elkartasun taldeak Zenbaki bat baino gehiago dira, haur palestinarrek izena dute ekimena antolatu zuen otsailaren 17an. "Sionistek eraildako haur palestinarren izen-abizenak eta haien adina da plazan entzun dena. 12.500 haur baino gehiago erail dituzte. Baina zenbakiez haratago joan nahi dugu, zeren zenbaki horien atzean bizitzak, ilusioak eta, azkenean, izenak daude", azaldu zuen Ander Muñoz Garcia taldekideak. Irakurketan zazpi ordu eman zituzten. "Zoritxarrez" zerrenda luzatuko dela adierazi du Muñozek, "Gazaren hegoaldea erasotu nahi baitute. Dagoeneko ez daukate nora joan". Horregatik, Muñozek esan du: "genozidio hau geldiarazi behar dugu". 

Ekimenaren hasieran, 13:00etan, etxarriar mordoa egon zen plazan eta "errealitatearen zaplaztako bat" jaso zutela adierazi du Muñozek. "Zenbakiak entzuten ditugu. Baina izen-abizenak jartzerakoan, benetan zer gertatzen ari den pentsarazten dizu. Jendeak oso ongi erreakzionatu du, errespetu osoz ibili da, oso-oso ongi". Bukatzeko, 20:00etan, Sarraskia gelditu, Palestina askatu leloa zuen elkarretaratzea egin zuten estalopean bertan. 

Irakurketa egiteko 60 bat etxarriarrek eman zuten izena. Ordubeteko txandak antolatu zituzten. Txanda guztiak beteta, helburua lortutzat jo zuten aurretik antolatzaileek. Txanda bakoitzean zortzi bat irakurleez aparte, Etxarri Palestina elkartasun taldeko kide bat egon zen. Hark dena behar bezala joaten zela ziurtatzeaz aparte, grabazioak eta argazkiak egiteko ardura zuen. 


Arratsalde erdian entzule gutxi zeuden.

Taldeaz
Palestinan gertatzen ari zenarekin kezka zuten lauzpabost etxarriar lastailaren 12an hasi ziren biltzen. Egun hartan bertan egin zuten aurreko ekimena: Palestinako bandera bat kioskoan jartzea. Gaur egun dozena inguru kide ditu taldeak, hainbat jatorritako etxarriarrak dira. Arabiar kulturako lau etxarriar daude taldean. "Haiek propio bezala bizi dute. Bestela ere, Euskal Herriak beti Palestinarekiko elkartasun oso handia izan du. Guk ere gurea bezala sentitzen dugu. Elkarlanean ari gara, eta oso gauza polita sortzen ari da, naturaltasunez. Harremanak estutu dira eta, honetatik, zerbait aberasgarria ateratzen ari gara. Elkar ezagutza asko hobetzen ari da", azaldu du Muñozek. 

Astero herrian zerbait egiteko helburua jarri zioten euren buruari, "gehien bat Palestina gogoan izateko, gertatzen ari dena oso larria delako; jendeak Palestinan gertatzen ari dena ez ahazteko". Lastailaz geroztik, beraz, Palestinarekin lotura duen ekimen bat izan da Etxarri Aranatzen: kontzentrazioak, tabernetan eta komertzioetan ikurrak jarri dituzte, murala...  

Segida 
Israelek Palestinaren kontra egiten segitzen duenez, taldeak ere lanean jarraituko du. Harremana dute Nafarroako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorra (BDZ) taldearekin. Gainera, Etxarri Aranazko taldea Yala Nafarroa Palestinarekin eta Gernika-Palestina herri ekimenen parte da. Bestalde, otsailaren 25ean, igandean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko zen manifestazioan parte hartzera deitu zuten taldekideek. Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak eta Yala Nafarroa taldeek antolatu dute mobilizazioa. 

Horrekin batera, martxoaren 2rako antolatutako deialdiarekin ere bat egin du Etxarri Aranazko taldeak. Yala Nafarroak eta Gernika-Palestina ekimenen deialdia da. Momentuz, ibarrean Altsasun aurreikusia dago ekimena. Herrietan bi ordu Palestinarekin elkartasun aktiboan dinamika antolatuko da. Altsasun, bizilagunen eta kolektiboen laguntza izan nahi dute prestaketan. Parte hartzera gonbidatu dituzte.  

Dinamikak bi helburu diru. Batetik, Gazako herritarren artean gizarte area berreraikitzeko proiektu humanitarioak bultzatzea, Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundearen bidez. Giza eskubideetan, generoan eta feminismoan eta elikadura subiranotasuna bulkatzen duten ekintza humanitarioko proiektuak garatzen dituzten erakunde palestinarrei bideratuko zaie dirua. Bestetik, diruz lagundu nahi dute Palestinako legelarien ekimena: Nazioarteko Zigor Gorteko fiskal Khan jaunaren aurrera eramatea Israelgo agintari militarrak eta zibilak. Gazaren kontrako eraso indiskriminatua hasi zutenetik egin dituzten gizateriaren aurkako krimenak hark ikertzea nahi dute eta.