Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu du Joxe Aldasoro Jauregi giza eskubideen urraketa larriak jasan zituela funtzionario publikoen aldetik eta, beraz, Estatuaren indarkeriaren biktima da. Gobernuak Aldasorori aitortu dio motibazio politikoko biktimak dela. Aldasoro 2010ean atxilotu zuen Guardia Civilak, orduko Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikazioan tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituen. Torturak salatu zituen Iruñeko epaitegian, baina salaketa artxibatu egin zuten.
Aitortza hori 16/2019 Foru Legearen arabera sortutako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak eman du. Batzorde horren helburua Nafarroan eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen ondoriozko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematea da. Nafarroako Torturatuen Sareko kideek adierazi dutenez, "aitortza horrekin, Estatuak Nafarroan hamarkadetan erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari jarraipena ematen zaio. Gogoratu behar da, gaur gaurkoz, gure datuen arabera, gutxienez 33 pertsona aitortu dituela Nafarroako Gobernuak".
Aipatu legearen babesean aurretik beste hiru sakandarrek jaso dute aitortza: Mikel Arregi Marin, Guardia Civilak hil zuena; Josu Imaz Prim, etxean bitan bonba paketeak jaso zituena eta Mikeldi Diaz Aldama, torturak pairatu zituena.
Errekonozimendu eskaerak egiteko deia
Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarendako dinamika osatzen dute. Eta aitortza ofizialaren "balorazio positiboa" egin dute, "Estatuko biktimen aitorpen ofizialak berekin baitakar urte luzeetan jasan dugun diskriminazioa apurka-apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio bidean jartzea".
Azpimarratu dutenez, "garrantzitsua da Nafarroan Estatuaren indarkeriaren biktimek errekonozimendu eskaerak aurkezten jarraitzea". Nafarrek pairatu dituzten hainbat egoera zerrendatu dituzte: poliziaren indarkeriaren, gerra zikinaren, salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz eraildako pertsonak, errepide kontroletan edo eskuin muturreko taldeek erabili zituzten sigletako edozeinen bidez erasotutakoak, Estatuko segurtasun indarrek torturatutako pertsonak, bala-zauriak, poliziak jaurtitako gomazko piloten ondorioz erailak, manifestazioetan errepresioa, ondasun materialen aurkako atentatuak, bahiketak, legez kanpoko atxiloketak, desagertzeak...
Nabarmendu dutenez, "eskaerak aurkezteko epea 2027ko garilera arte egonen da zabalik". Gaineratu dutenez, haiek prest daude "eskaerak egiteko eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko. Horretarako, nahikoa da info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo 948 30 77 15 telefono zenbakira hots egitea".
Dinamikako kideek adierazi dutenez, "ezinbestekoa da biktima guztien aitortza inolako diskriminaziorik eta asimetriarik gabe egitea. Horrela, Estatuaren indarkeriaren biktimok pairatzen ditugun diskriminazioak gainditzeko bidean aurrera egingo duen bizikidetzako esparru baten oinarriak ezarriko dira, termino demokratikoetan". Gaineratu dutenez, "aitortza horiekin beste pauso bat ematen da gure herrian bizi izandako sufrimendu guztia aitortua eta konpondua izan dadin, horrela inoiz gehiago ez errepikatzea bermatuz. Egia osoa ezagutzeko eskubidea dugu, eta egia hori denbora luzeegian ukatu zaigu Estatuaren indarkeriaren ondorioz eragindako biktimei eta, oro har, Nafarroako gizarte osoari".