Torturak pairatu dituzten zazpi euskal herritarrek beraien kasuak ikertzeko eskatu dute. Haien artean dago Patxi Arratibel Garziandia etxarriarra. Bide hori hartu duten zazpi pertsonen kasuan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen kasuok ez ikertzeagatik. Epai hori esku artean, Espainiako Justiziak beraien kasuak berriz irekitzeko bideari ekin diote. "Kontu eske joango gara, eta, orain arteko jarrerari eutsiz ez badigute entzuten, Nazio Batuen Erakundera eta behar den tokietara joko dugu Espainiako Estatuari kargu hartzeko".
Oscar Sanchez abokatuaren esanetan, "Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren agindua betetzeko garaia da". Auzitegi horren epaiak derrigorrez bete behar dituzte hitzarmena izenpetzen duten herrialdeek; horregatik, Espainiako justizia sistemari erantzukizuna hartzeko eskatu diote. Zazpikoteak bere garaian jarritako salaketei bide ematea eskatu dute, eta kasu bakoitza iker dezaten. "Erantzukizunak ezar ditzatela ere eskatzen dugu, polizia agenteak aulkian eseri daitezela eta, ahal bada, kondena ditzatela".
Torturen auziak zabaltzea eskatu zutenen izenean Martxelo Otamendik nabarmendu zuenez, "Espainiako epaitegiek automatikoki ezarri beharko lituzkete prozedurak eta mekanismoak Estrasburgoren epaiak betetzeko. Horrek estatu baten kalitate demokratikoa neurtzeko ere balio du, baina ez da horrela, Espainia ez baita guztiz demokratikoa".
Otamendik gaineratu zuenez, "torturak ez luke zigorrik gabe geratu behar, are gutxiago Estrasburgok bederatzi aldiz zigor epaia ezarri badu. Lerro artean esan dio ezin duela jarraitu tortura ikertu gabe, ezin duela jardun asmakizun bat balitz bezala". Gaineratu zuenez," torturari dagokionez konplizitatez jardun du sistema judizialak". Azkenik, Otamendik azpimarratu zuen bitan izan direla biktima: poliziak torturatu zituenean eta epaileek salaketei kasurik egin ez zietenean.