Eskuin muturreko edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzea eta erreparatzea helburu duen 16/2019 Foru Legeak. Ondorioz sortutako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak bi sakandarrei torturatu izanaren aitortza eman die. Bata Polentzi Goikoetxea Barandiaran altsasuarra da, bi aldiz torturatu zuten, Guardia Civilak eta Brigada Politiko Sozialak 1980an. Bestea Jon Patxi Arratibel Garziandia etxarriarra da, Guardia Civilak torturatua 1997an eta 2011n.
Batzordeak jakinarazi dituen ebazpen berriekin dagoeneko 94 pertsona dira aipatu Foru Legearen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak. Haietatik 12 sakandarrak dira.
Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak animatu dituzte aitortza eskaerak aurkeztera. Epeak zabalik jarraitzen du 2027ko garilera arte, eta, berriro ere, izapideak egiteko hala eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest daude Egiaren garaia da dinamikako kideak. Horretarako, nahikoa da info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo 948307715 telefono zenbakira hots egitea.
Adierazpenak
Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen dugun Egiaren garaia da dinamikak emandako ebazpenen balorazio positiboa egin du, "estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina azalarazteko baliagarriak diren heinean".
Dinamika sustatzen dutenek esan dutenez, "elkarbizitza benetan demokratiko bat eraikitzeko zeregin kolektiboan gizarte bezala aurrera egiteko eta memoria inklusibo batekin konprometituko diren politika publikoak garatu nahi baditugu, ezinbestekoa dela uste dugu Nafarroa Garaian motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan gertatutako guztia salbuespenik gabe ezagutaraztea". Nabarmendu dutenez, "Nafarroako Gobernuak azken bost urteetan hasitako bidea baliagarria izaten ari da". Horregatik, "ildo horretan sakontzen segitzeko" eskatu diote, "bide horretan aurrera jarraitzea ezinbestekoa baita Nafarroan eta Euskal Herri osoan estatu-indarkeriari lotutako zigorgabetasuna bukatzeko".
Azpimarratu dutenez, "Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak ofizialki aitorturiko zazpi pertsonak torturak jasateagatik aitortu direla ‘giza eskubideen urraketen biktima’ modura, eta Franco diktadorearen heriotzatik 50 urte betetzen direnean, argi geratzen ari da torturaren aplikazioak diktaduraren edo trantsizioaren testuingurua gainditzen duen giza eskubideen urraketa larria dela". Dinamikako kideek gaineratu dutenez, "ebatzitako kasu berri horiek adierazten dute konstituzio aroan ere zigorgabetasun osoz torturatu zela, eta estatuak mekanismo sistematiko oso bat martxan izan zuela Euskal Herritarren aurka, XXI. mendeko bigarren hamarkadara arte".
Eskaera ere egin dute: "beharrezkoa da hausnartzea zergatik bihurtu zen tortura poliziaren praktika sistematiko bat, diktaduratik hasita eta mende honetako bigarren hamarkadara arte. Eta garrantzitsua da, halaber, aztertzea zein arrazoi izan ziren hainbat pertsonen giza eskubideen urraketa larrien aurrean erabateko zigorgabetasun egotea ahalbidetu zutenak". Halakoak berriro ez gertatzeko "eten egin behar ditugu horiek posible izan dituzten mekanismoak. Ez errepikapenaren bermea funtsezko zutabea da elkarbizitza demokratiko sendo bat eraikitzeko. Gai hau ezin da gehiago atzeratu, halako praktikek berriro lekurik izan ez dezaten gure gizartean".