Erakundeei bost hildako eragin zituen leherketa berrikusteko deia egin diete

Guaixe 2026ko ekainaren 25a

Ainara Gorostiaga Eskubi ekitaldian hizketan.

Leherketaren 50. urteurrena zela eta egindako aitortza ekitaldian dagoen kontakizuna "desitxuratua" dela nabarmendu zuten. Eta gertakariaren inguruko "egia, aitortza eta justizia" exijitu zituzten.

Andian jasotako mortero granada baten leherketak Zugarreta auzoko bost etxarriar hil zituen 1976ko garagarrilaren 18an: Gloria Pegenaute Pegenaute, Saturnino Luis Erdozia, Segundo Maiza Belza, Jesus Migel Zeberio Maiza eta Jose Luis Luis Tabar. Hildakoak gogoratzeko ekitaldia egin zen Andra Mari ermitaren ondoan igandean, garagarrilak 21. 

Egiari Zor fundazioaren izenean Ainara Gorostiaga Eskubik hitza hartu zuen. Fundazioko kideak dei egin zien "Nafarroako erakundeei eta dagokien administrazio publiko guztiei Etxarri Aranazko gertakaria berrikusi dezaten, urte hauetan guztietan indarrean egon den kontakizuna azter dezaten eta armadaren jardueraren ondorioz bizia galdu zuten bost etxarriarrak merezi duten aitortza instituzionala eman diezaieten".

Gorostiagak beste hiru eskaera egin zituen: "egia, gertatutakoa osotasunean ezagutzeko. Aitortza, biktima horiek merezi duten duintasuna bermatzeko. Eta justizia, ia 50 urteren ondoren oraindik zain dagoen zor moral bati erantzuteko".

Erantzukizunak argitzeaz
Egiari Zor fundazioko kideak esan zuenez, "elkartu gara egia aldarrikatzeko, aitortza exijitzeko eta justizia erreklamatzeko" elkartu ziren ekitaldira joandako guztiak. Gorostiagak nabarmendu zuenez, "gertakari hark sufrimendu sakona eragin zuen hainbat familiatan, eta arrasto iraunkorra utzi zuen Etxarri Aranazko herriaren memoria kolektiboan, ezabatzen ez den zauria".

Gorostiagak galdetu zuen: "nola iritsi zen lehergailu hori herritarrek erabiltzen zuten mendi-eremu batera? Nork utzi zuen bertan? Eta nola izan zen posible urte batzuk lehenago erabilitako material militar batek herritarren bizitza arriskuan jartzen jarraitzea?" Ziurtatu zuenez, "galdera horiek egitea ez da iragana berridaztea. Erantzukizunak argitzeko eta egia osatzeko ahalegina da". 

Etxarri Aranatzen gertatutakoa "sufrimendua eta bidegabekeria" eragin zituztela nabarmendu zuen, eta gaineratu zuenez, "ezinbestekoa da biktima guztiek, salbuespenik gabe, egia, aitortza eta erreparaziorako eskubidea izatea". Lehen eta bigarren mailako biktimen arteko bereizketen kontra egin zuen. 


Aritz Igoa adierazpena irakurtzen. Ezkerretan leherketak harrapatu zituen bi etxeak. 

Herriaren aitortza adierazpena
Aurretik Aritz Igoak Etxarri Aranazko herriaren aitortza adierazpena irakurri zuen. Adierazpenean nabarmentzen denez, "asko sufritu duen herri batean eman den gertakaririk larriena izan da 1976koa. Bertan bizia galdu zuten bost etxarriarrek, eta beraien senitartekoek merezi dute Etxarri Aranazko herriaren aitortza hau. Injustizia bikoitz baten biktima izan direlako. Alde batetik, modu bidegabean galdu zuten bizia, zorigaiztoko lehergailu hura ez zelako inoiz aurkitu zuten tokian egon behar. Eta, bestetik, modu bidegabean ere jarri delako beraien bizkar gainean gertatutakoaren arduraren zama".

Adierazpenaren arabera, "50 urte pasa dira eta oraindik orain Espainiako Armadak, Espainiako Estatuak berak, ez dio bere ardurari aurre egin". Galdetu zuen: "Nola demontre esan dezakete arriskuak ekiditeko hartu beharreko neurri guztiak hartu zituztela? Normaltzat hartu behar dugu orduan abereak eta pertsonak ibiltzen diren paraje batean heriotza eragiteko prest dauden lehergailuak egotea? Ez. Andia mendira lehergailu horiek eraman zituztenak bazekiten zer eramaten zuten; eta Andia menditik irten zirenean oso ongi zekiten zer uzten zuten bertan". Nabarmendu zuenez, "beraiek dira, Armada, Espainiako Estatua azken finean, gertatutakoaren erantzukizuna beraien gain hartu behar dutenak".

Adierazpenean Etxarri Aranatzen "izaera bakezale eta antimilitarista azpimarratu" dute. Hainbat modutara herrian Armada ez dela ongi etorria adierazi zuten, eta nabarmendu zutenez, "aurreko mendeko akaberan hegemonikoa bihurtu zen Intsumisioaren aldeko mugimenduak erro sakonak ditu gure herriaren historian". 

Munduan den "gerra eta militarismoaren mehatxua hedatzen" ari direla gaztigatu zuen denean, eta horren aurrean "Ejerzitorik Ez! Gerrarik Ez!" leloak aldarrikatu zituzten ekitaldiko antolatzaileek: "Bai sinistuta gaude posible dela mundu bat zeinean jendeak eta herriak elkar errespetatuz biziko diren, zeinean jakinduria eta aberastasuna denondako bizitza hobeagoa egingo duten gauzetan inbertituko den. Ejerzitoak, gerrak, heriotza, mina eta miseria besterik ez dute ekartzen. Ongi ikasi dugu hori Etxarri Aranatzen".