Etxarri Aranazko bizikleta bide sarea guztiz erabilgarri dago

Guaixe

Ikastola, futbol zelai eta kanposantura arte daraman bidegorria.

Azken lanek plaza kanpo santuarekin, Aldapasoro auzoarekin eta Andra Mari ermitarekin lotzen dute

Festak hasi aurretik, garila akaberan, despeditu zituzten Etxarri Aranazko bizikleta bide sareko bigarren faseko lanak. Aurrenekoan plaza eta eskola lotzeko bidegorria egin zuen udalak. Bigarren fase honetan bidegorri hori eskolatik hilerriraino luzatu du udalak. Horretarako, zegoen bidearen iparraldean porlanezko 160 metro luze eta 3 metro zabaleko bidea egin du. 

Plazatik Andra Mari ermitara daraman bideak Larrañeta kalea zeharkatzen du. 1,40 metroko zabalera duen bidegorria da. Hasiera batean oinezkoen aldetik margotu zuten, baina, zuzendu eta asfaltoan seinaleztatu zuten bidegorria. Burundabide kalera iristean, NA-2410 errepidea, gurutzatu, Lurloi eta Arkudetabide kaleetara iristen da bidea. Bi kale horiek eta Larrañeta kalea bizikleta erreiak izatera pasa dira eta, beraz, kale horietan bizikletek dute lehentasuna motordun ibilgailuen aurrean. Gehienez 30 km orduko abiaduran ibili daitezke ibilgailuak. Autobus geltokiaren ondoan bizikletendako aparkaleku bat jarriko da, intermodalitatea sustatzeko.

Azkenik, Aldapasororako bidea Malkorramendi auzoko atzeko aldeko "kattubidetik" doa. Handik Aldapasorora doan dermioko bide zaharretik egiten du aurrera, auzora iritsi arte.

Bidegorri horiek Sakanako bizikleta bide sarearekin osatzen dira. Etxarri Aranatzen 5,5 km-ko luzera du eta herrigunetik pasatzen da. Andra Mari ermitatik Lizarragara daraman bidearen adarra pasatzen da. Bestetik, herriko bide sarea eskolatik plazara Donejakue bidearekin bat egiten du.