Pottoka Lagun elkartea Etxarri Aranazko ferietan izan da

Guaixe

Pottoka haragiz egindako haragi bolak banatzen Etxarri Aranatzen. 

Pottoka haragiz prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan zen.

Pottoka Lagunek, Pottoka Hazleen Nafarroako elkarteko kideak informazio mahaia jarri zuten Etxarri Aranazko plazan irailaren 4ko goizean. Erakundearen berri eman eta lantzen ari diren Pausoka egitasmoa zein den azaldu zuten. Azken egitasmo horren bidez, elkarteak pottoka arrazaren etorkizuna bermatu nahi du. Horretarako, ekoizpen eta balorizazio eredu ekologiko, berritzaile eta jasangarri batean lanean ari dira.

Aldi berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoa pottoka haragiaren karakterizazio integrala egiten ari da. Gainera, pottoka arrazaren jatorrian eta eboluzio genetikoan sakontzeko ikerketa paleogenomikoa egiten ari dira. Eta, bitartean, pottoka haragiz egindako produktuak lantzen ari dira. Horiek "oso harrera ona" izan dute. Esaterako, Irurtzun eta Arakilgo bertako ganadu azokan ehun dastaketa izan ziren, eta "jendea oso pozik gelditu zen", azaldu dute elkartetik.

Ondalan kooperatibaren janari kamioian pottoka haragiz egindako produktuak dastatzeko aukera izan zen eguerdian. Handik pasa zirenek haragi bolak, saltxitxak eta txistorra dastatzeko aukera izan zuten. Mokaduak 3 eurotan eskuratzeko aukera izan zen. Dastatzera animatzen zirenek galdetegi bat betetzeko aukera izan zuten. Probatutako produktuaren inguruko iritzia eman zezaketen horrela. Galdetegiak erantzuten zituztenen artean produktuen lote baten zozketa egin zen. Etxarri Aranazkoa pottoka haragiz egindako produktuak dastatzeko aurtengo azken aukera izan zen. Hala jakinarazi dute elkarteko kideek.

Diru bilketa 
Proiektuak 169.139,78 euroko aurrekontua du. Elkartearekin batera, egitasmoaren parte dira Sakanako Garapen Agentzia eta Kalaska kooperatiba (Etxarri Aranazko hiltegia). Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza dute. Baina Pottoka Lagun elkarteak funts propio nahikorik ez du berak ordaindu behar duen egitasmoaren aurrekontuaren zatia pagatzeko. Horregatik, 8.786 euro lortzeko crowdfunding kanpaina bat martxan du. Ekarpena egin nahi duenak goteo.org webgunean sartu behar du. Lastailaren 11ra arte Pottoka Lagun elkartearen aldeko 15, 30, 50, 100, 250, 500, 1.000 eta 2.500 euroko ekarpenak egin daitezke.