Pottoka Lagunek, Pottoka Hazleen Nafarroako elkarteak, Sakanako Garapen Agentziak, Kalaska kooperatibak Pausoka proiektua martxan jarri dute. Haren bidez, "pottokaren etorkizuna bermatu nahi dugu, lurraldeko baliabide naturalak modu eraginkorrean bizitzeko eta aprobetxatzeko gai den arraza autoktonoa", azaldu dute elkarteko kideek. Egitasmoaren helburuak dira, batetik, "pottokarendako produkziorako eredurik osasungarriena, jasangarriena eta errentagarriena identifikatzea". Bestetik, "ikerketa paleogenomiko bat garatuko da zaldiak Nafarroan eta Euskal Herrian izan duen bilakaera ikertzeko, aztarna arkeologikoen antzinako DNAren analisiaren bidez. Lan honi esker, Iberiar Penintsulako antzinako leinu autoktonoen eta estepa euroasiarretatik iritsitako zaldi etxekotuen arteko harremana ezagutu ahal izango da".
Aldi berean, elkarteak Pottoka Lagun sarean egitasmoa sustatu nahi du. Azaldu dutenez, "ekoizleak eta kontsumitzaileak zuzenean konektatuko dituen plataforma kolektiboa, kontsumo arduratsua, zuzeneko salmenta eta merkaturatze bide laburrak sustatzeko". Web orri bat izango da, "ikus-entzunezko edukien eta komunikazio tresnen bidez, landa mundua gizartearengana hurbilduko du, eta erakutsiko du ekoizpen ekologiko eta estentsiboko eredu batek gure mendietako biodibertsitatea elikagai bihurtzen duela".
Egitasmoak Nafarroako Gobernuaren %90eko dirulaguntza jaso du. Pottoka Lagun elkarteak funts propio nahikorik ez du ia 12.000 eurori aurre egiteko. Horregatik, dirua lortzeko crowdfunding kanpaina bat martxan jarri du goteo.org webgunearen bidez. Elkarteak gutxienez 2.980 euro lortu nahi lituzke, baina haiendako diru kopuru optimoa 8.786 euro litzateke. 15, 30, 50, 100, 250, 500, 1.000 eta 2.500 euroko ekarpenak egin daitezke. Halakoetan ohi den bezala, ekarpena egiten duenak trukean zerbait jasoko du. Kanpaina irailaren 2an, asteartean, abiarazi zuten. Berrogei egunez, lastailaren 11ra arte, egonen da proiektuaren alde ekarpenak egiteko aukera.
Aurkezpen erronda
Iruñeko Udalak antolatuta Autentika ganadu azokaren bigarren edizioa egin da irailaren 4tik 6ra. Runa parkean eta Gasen eskortetan egin zen Nafarroako tokiko arrazen, zuzeneko salmentaren eta hurbileko elikagaien inguruko azoka. Eta Pottoka Lagun elkarteak azoka baliatu zuen Pausoka proiektua aurkezteko.
Aurkezpena Gaseko eskortetan egin zuten igandean, irailaren 6an, 11:15ean. Hutsun txalapartarien emanaldiaren ondoren egitasmoa eta crowdfunding aurkeztu zituzten elkarteko kideek. Horretarako bideo bat dute zeinetan basozain, suhiltzaile, biologo, dendari eta sukaldari banak azalpenak ematen dituen. Ikus-entzunezkoaren helburua da "gizarteak ulertzeak pottokak zer paper duen naturan", azaldu dute elkartekideek.
Ondoren Joseba Argiñano Ameztoi sukaldariaren eta Aritz Ganboa De Miguel artzainaren txanda izan zen. Biek errezeta bat prestatuko zuten jendaurrean. Bai Argiñano bai Ganboa pottoka jabeak dira biak. Horretaz aparte, elkarteko kideek pottoka haragiz egindako hezur salda, haragi bolak, saltxitxak eta txistorra dastatzera eman zuten.
Elkartekoek aurkezpen gehiago eginen dituzte: irailaren 12an, larunbata, Zaraitzuko Egunean; irailaren 13an, igandea, Irurtzun eta Arakilgo Bertako Ganadu Azokan eta lastailaren 4an, igandea, Etxarriko ferietan. Hiruetan proiektuari eta mikromezenazgo kanpainari buruzko informazioa emanen dute, eta pottoka haragiz egindako produktuak dastatzera emanen dituzte.