Zubillaga beatifikatuko dute bihar

Guaixe 2017ko aza. 10a, 12:19

Pauldarra beatifikatzen duten bosgarren sakandarra izanen da. Guztiak 1936ko estatu kolpearen ondoren fusilatu zituzten errepublikaren aldekoek

Paulgo Bizenetek (pauldarrak) eta Marillaceko Luisa sainduak (karitateko alabak) sortutako erakundeen 150. urteurrena dela eta, bi erakundeetako 60 kideren beatifikazioa eginen da Madrilgo Vista Alegre Arena jauregian bihar, 11:00etan. Ekitaldiaren buruan Angelo Amato kardinala izanen da, Sainduen Kausarako Kongregazioko prefektua.

Beatifikaziorako prestatutako egitaraua fede eta karitate lekuko eta profeta lelopean antolatu da. Gaur, 18:00etan harrera egin eta Mirarien Ama basilikan bezperak izanen dira. 19:00etan otamena. 20:00etarako kultur eskaintza prestatu dute eta 21:30ean gau-beila hasiko da. Bihar, 11:00etan beatifikazio elizkizuna eginen da. 14:00etan bazkaria eta ondoren, 16:00etan martiritza ibilbidea eginen dute autobusez, 18:30ean El Cerro de los Angelesen otoitz egiteko. 20:00etan kultur eskaintza berria izanen da eta martirien aldeko kontzertuarekin despedituko da larunbateko egitaraua 21:30ean. Igandean, azkenik, esker-emate eukaristia izanen da 10:30ean. 12:00etan kongregazioen karismari buruzko erakusketara bisita gidatuak eskainiz bukatuko da egitaraua.

Aurretik beste lau sakandar beatifikatu dituzte: Bernardino Irurzun Otermin domingotar fraide egiarretarra 2007ko lastailaren 28an; Saturnino Pascual Jaunsaras Zabaleta irurtzundarra eta Lorenzo Lizasoain Lizaso irintarra fraide maristak 2013ko lastailaren 13an eta Julian Villanueva Olza hiriberriarra 2017ko lastailaren 21ean. 


Etxeberriarra
Joaquin Zubillaga Etxarri 1899ko ilbeltzaren 31n jaio zen. Josefa eta Zelestinoren semea jaio eta hurrengo egunean bataiatu zuten Etxeberriko Andra Mari elizan. Zubillaga Misioko kongregazioan edo pauldarrenean sartzeko berebiziko garrantzia izan zuen bere ahizpa bakarra, Benita ahizpa, karitateko ahizpa izateak. Eta, horrekin batera, pauldarrek Etxeberrin 1918an egin zuten misioa. Pauldarren kongregazioan boroak 1922ko martxoaren 3an hartu zituen, Madrilen. Cuenca, New York, Potters Bar, Londres eta Iruñea ezagutu zituen kongregazioarekin. 1935eko agorrilaren 21ean iritsi zen pauldarren Madrileko etxera.

Zubillaga anaiarengandik gaitasun nabarmendu dituzte pauldarrek: lanarekiko maitasuna eta obedientzia. Horregatik, destino bakoitzean eginkizun berriak zituen eta ikasle edota Kongregazioko nobizioekin aritzen zen,  zenbait eskulan erakusten eta eredu izateko. Ikasleen oroitzapenean etxeberriarraren lasaitasuna, pietatea eta apaizekiko errespetua. Apaizgai ziren ikasleekiko errespetua bazuen ere.

1936ko estatu kolpea Madrilen harrapatu zuen Zubillaga. Postas kaleko Peine ostatu merkean zegoen irailaren 11n, Elias aitak hara Gil Belaskoain anaia eraman zuenean. Azaroa hasierara arte biak ostatu hartan babestu ziren. Lasai antzean zebiltzan eta Orienteko plazara arte pasiatzen zuten. Han Orcajo anaiarekin elkartzen ziren. Baina fraideak izatearen susmoa hartu zieten, galdeketa egin, atxilotu eta Modelo espetxera eraman zituzten. Azaroaren 16an Zubillaga San Anton espetxera lekualdatu zutenetako bat izan zen. Madrilen, Paracuellos de Jaraman, fusilatu zuten 1936ko azaroaren 30ean, 37 urte zituela.