Hilerriko pareta auzolanean jasotzen ari dira

Guaixe 2020ko eka. 16a, 10:19

Hiru asteburutan aritu dira eta beste bat aurreikusten dituzte lanak despeditzeko. Kanposantuko pareta erortzear zegoen eta kontzejuak dirurik ez duenez, auzolanean ari dira berritzen horma. 

Herriko goiko aldean eskuinetara kanposanturako bidea hartu eta 200 metrora dago Etxeberriko hilerria, basoan sartuta. Kanposantua ixten duen pareta mugitu egiten zen eta, horregatik, urtero mantenu lan txikiak egin behar zituzten, horma ez erortzeko. Hala ere, etxeberriarrek garbi zuten pareta bota eta berria jaso beharko zutela. Eta horri ekin diote, auzolanean. 

Aurreko bi larunbatetan aritu dira kisusgile lanetan etxeberriarrak eta hurrengo bi larunbatetan lan eginda lanak despedituko dituztela aurreikusten du Javier Martija Etxarri kontzeju buruak. Martijak argitu duenez, “lanen aurrekontua 800 eta 1.000 euro artean izanen da. Materialerako bideratuta dena. Udalak hormigoi makina eta hura martxan jartzeko argindar sorgailua utzi dizkigu, alokairua pagatuta”.

Diru-kontuak
Lanak auzolanean eginen ez balira, aurrekontua boskoiztuko zela azaldu digu Martijak. “Eta gaur egun kontzejuak ez du laukorik. Horregatik jo dugu auzolanera”. Kontzeju buruak erakundearen kontuen berri eman du: “2018an kontzeju etxeko teilatua eta eraikineko etxebizitza konpontzeko 65.000 euro bideratu genituen. Europako dirulaguntza espero genuen, baina eskaera asko izan ziren eta kanpoan gelditu ginen. Lanak pagatzeko Arakilgo Udalera jo genuen, urtero kontzejuen artean banatzen duen dirua aurreratzeko eskatuz”. Udalak lau urteko dirua aurreratu zien. Horregatik, aurten udaletik dirulaguntzarik jasoko ez duten bigarren urtea izanen da. 2023an berriro jasotzea espero dute. 

Etxeberriko Kontzejuaren aurtengo aurrekontua 13.710 eurokoa da. Aurreikusten duten inbertsio nagusia hilerriko lanak dira. Argiteria berritu nahiko luke kontzejuak, baina aurreragorako utzi beharko dute. Martijak azaldu duenez, “Arakilgo Udalak aurten langile gutxiago kontratatuko ditu eta herrietan lanak egiteko aukera gutxiago daude. Gainera, lanak eginez gero materiala kontzejuak jarri behar du eta hori ere bada gastua. Eta ez dugunez, aurten egin beharreko lanak auzolanean eginen ditugu”. Lan horietako batzuk zerrendatu ditu: kimatze lanak, ezpondak garbitu, bideak konpondu… 

Auzolana 
Etxeberrin auzolanak arautu gabe dituzte. “Egiteko dugun zerbait da. Kontzeju irekian hitz egindako gauza bat da baina ez dugu adostasunik lortu oraingoz”. Auzolanak nola egin: etxeka, familiaka? Ordainketak? Halako gaiak dituzte mahai gainean eta helduko diote noizbait. Bitartean Martijak dioenez, “kanpo santuko lanak egiteko auzolanak ongi ari dira aurrera egiten. Bigarren larunbatean 13 geunden, Etxeberrirako kopuru handia da. Jendeak ikusten du beharrezkoa zela eta kontzejuak dirurik ez duela badaki”.